https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

En Tol Sarmiento, Arkada Social eta Zetak, Durangoko Azokako kontzertuetan

En Tol Sarmientok seigarren diskoaren aurkezpena egingo du abenduaren 5ean./E. C.
En Tol Sarmientok seigarren diskoaren aurkezpena egingo du abenduaren 5ean. / E. C.

Maider Zabalegi abeslariak 'Bidean' disko berria aurkeztuko du dohaineko ikuskizunean abenduaren 8an

NAHIKARI CAYADO

Gauero, eta behin Durangoko Azokako ateak itxi ondoren, Plateruena Kafe Antzokiko gortinak irekitzen dira. Abenduaren 5etik 8ra bitartean, eta urtero bezala, Plateruena kontzertu handien plaza bihurtuko da. Aurten, En Tol Sarmiento, Arkada Social, Zetak eta Maider Zabalegi igoko dira agertokira. Talde guztiek gainera, diskoa aurkeztuko dute Durangon, Azokaren 54. edizioaren baitan.

En Tol Sarmiento (ETS) musika talde ezagunak estrainatuko du aurtengo oholtza lehenengo egunean. Seigarren diskoaren aurkezpena egingo dute arabarrek Durangon, uda honetan Euskal Herria zeharkatu ostean 'Zein erraza' birarekin. Ska-rock doinuez gozatu nahi dutenek beraz, hitzordua daukate Plateruenean. Sarrerak aldez aurretik 8 eurotan egongo dira salgai, kontzertuaren egunean aldiz, 10 eurotan.

Bigarren egunean, abenduaren 6an, misterioz jositako kontzertua izango da antzokian. Pello Reparaz izango da taularen protagonista, Vendetta taldearen abeslaria izandakoa. Oraingoan aldiz, Zetak proiektu berria aurkeztera dator. Momentura arte talde berriak bi abesti eman ditu ezagutzera, 'Errepideak' eta 'Pater Noster' arrakasta itzela lortuz. Talde berri honen nondik-norakoak azaroaren 27an aurkeztuko dituzte, beraz, ordura arte itxaron beharko da Reparazek prestatu duen proiektua sakon ezagutzeko. Sarrerak 12 eurotan eros daitezke aldez aurretik, kontzertuaren egunean aldiz, 15 eurotan.

Hurrengo egunean Arkada Social taldearen txanda izango da. Arrasatearrak buru-belarri ari dira Azokarako disko berria prestatzen, euren diskografiako seigarrena izango dena eta momentura arte, ez da abestirik entzuteko aukerarik izan. Sarrerak 10 eurotan erosi ahal izango dira aldez aurretik, eta 13 eurotan bertan.

Azkeneko egunean, abenduaren 8an, azokari lasaitasunez agur esateko Maider Zabalegi abeslaria igoko da taula gainera. Alaitz eta Maider bikotean ezagun egin zenak bakarka abesten du orain eta bere disko berria, 'Bidean', aurkeztuko du. Kontzertua 20.00etatik aurrera izango da, debalde.

Temas

Euskera