https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Saretour euskal turismo sektorearen elkarlan eta kudeaketarako foroa jada abian da

Saretour euskal turismo sektorearen elkarlan eta kudeaketarako foroa jada abian da

Foro honek turismoa euskal lurraldean banatu, hedatzea eta enpresentzako errentagarritasunak sortzea ditu helburu

UNAI SARRIUGARTE

Saretour euskal turismo sektorearen elkarlan eta kudeaketarako foroa jada abian da. Proiektua pasa den asteartean, uztailak 9, aurkeztu zuen Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua den Sonia Perezek, Donostiako Tabakaleran, duela egun batzuk iragarri genuen Euskal Turismoaren Astearen barnean.

Saretourrek turismoa euskal lurraldean banatu, hedatzea eta enpresentzako errentagarritasunak sortzea ditu helburu, jasangarritasunaren eta giza kapitalaren ildoak erabat kontuan hartuz. Hortaz, ezinbestekoa izango da elkarlan egitasmo hauetan erakunde eta eremu publiko nahiz pribatuen artean akordio batera iristea, sektore guztiak aintzat hartuz.

Sonia Perezek nabarmendu duenez: «ez naiz nekatuko azpimarratzeaz turismo eredu jasangarri batek inplikatutako agente guztien erantzukizun hori behar duela, eta gure aldetik hartzen ditugun aukerek berekin dakartenaz jabetzea«. Sailburuak dioenez Saretour horrexegatik dago jada martxan.

Sare berri honek proiektu bateratuak abian jartzea izango du xede, enpresen arteko batasunak eta taldekatzeak ahalbidetzen dituzten proiektuak sortzea bilatuaz. Izan ere, enpresa eta erakunde bateratuen lehiakortasunean aurrerapausoak ematea ezinbestekoa da.

Saretour aurkeztu ondoren, Sonia Perezek lehiakortasun turistikoaren ziurtagiriak dituzten enpresen garaikurren banatze ekitaldian hartu zuen esku. 500 enpresa baino gehiagok jaso izan zituzten iaz aitortza hauek: Kalitate turistikoaren Q eta Kalitate Turistikoa eta Jardun Egokiak programak; Smart Business; Eraginkortasun energetikoa eta Europako Etiketa Ekologikoa (Ecolabel) garaikurrak dira hauexek.