https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sara Zozayak Rockein musika lehiaketa irabazi du

Sara Zozayak Rockein musika lehiaketa irabazi du

Musika jaialdiaren finala pasa den larunbatean, maiatzak 11, ospatu zen Basauriko Social Antzokian

UNAI SARRIUGARTE

Sara Zozayak Rockein musika lehiaketa irabazi du. Basauriko Social Antzokian ospatu zen finalera zaletu mordoa hurbildu zen. Zaleek bertan Doña, Meridian eta Sara Zozaya (sari nagusiko finalistak) eta Herio, Keniama eta Samoah (tokiko talderik onena) zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Aurtengoa, bakarlariei zuzendutako lehiaketa musikalaren zazpigarren edizioa izan da.

Sara Zozaya donostiar kantautorea Rockein musika jaialdiaren sari nagusia irabazten duen lehendabiziko emakumea da. Aurreko irabazleak The Owl Project (2018), Los Cosméticos (2017), Albert Cavalier (2016), Grand Matter (2015), The Weapons (2014) eta Radiofunkens (2013) izan ziren.

Bestalde, tokiko talde onenaren saria Meridian izeneko Basauriko eta Arrigorriagako power hirukoteak irabazi du. Era berean, Cäctus, Bermeoko hard-rock laukotea, izan da euskarazko proposamen onena, eta Dukkha hirukote gipuzkoarrak irabazi du publikoaren saria.

Aurtengo irabazleak honako sari hauek eskuratu ditu: batetik, EP profesional bat (gutxienez bost kanta) grabatzeko, ekoizteko eta masterizatzeko aukera Bilboko El Tigre estudioetan; bestetik, EP hau diseinatu eta editatu ahal izatea; azkenik, bideoklip profesional baten grabazioa eta ekoizpena egitea. Gainera donostiar musikagileak zenbait kontzertu eskaintzeko parada izango du: MAZ Basauri jaialdiaren barnean eskainiko duen kontzertua esaterako.

Sara Zozayak zenbait musika proiektutik igaro ondoren, The Roof, esaterako, egun Nerabe taldearen abeslari lanetan dihardu, Itxaso Navarro txelo-jotzailea lagun duela. Hauxe bere proiekturik pertsonalena da. Donostiar musikagileak datorren abenduan aterako du bere lehenengo singlea. Bertan, hainbat musikarik hartuko dute parte.