https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

SANTUA ZEN ASTEA

SANTUA ZEN ASTEA
EFE

Duela mende erdiko Aste Santua ez zen santua izango, baina santutasun mota zehatz baten azalpenak derrigorrezkoak ziren, ezinbestekoak

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Gaur edozein esparrutan, edozein mailatan gertatzen dena duela mende erdi gertatzen zenarekin parekatzen duenak ez daki nolakoa zen orduko gizartea, orduko bizitza. Noski, garai hartakoa eta oraingoa alderatu daitezke, ez baitago desberdintasuna antzemateko beste modurik. Alderatu bai, parekatu ez.

Duela mende erdiko Aste Santua ez zen santua izango, baina santutasun mota zehatz baten azalpenak derrigorrezkoak ziren, ezinbestekoak. Adibide gisa esan dezaket irratian, ostegun eta ostiral horietan, musika klasikoa besterik ez zutela jartzen eta ostiral eguerdian 'Zazpi Hitzen Sermoia'. Zinean ere erlijio katolikoarekin zerikusia zuten filmak ematen ziren eta kaleak prozesioetarako ziren.

Prozesio horietako batzuk bizirik daude oraindik, kasu batzuetan nekez, gero eta zailago egiten baitzaie antolatzaileei figuranteak aurkitzea. Beste batzuek, berriz ez dute horrelako arazorik, baina ikuskizun kutsua gaineratu zaio elizkizun kutsuari. Moldeak gordetzen dira, ez hainbeste mamia.

Lehen santu ziren egun horiek opor bilakatu baitira aspalditxoan eta opor horien barruan, museo bati bisita egiten zaion moduan, prozesio bat ere ikuskizun aproposa baita. Segur aski, udalditik kanpo, santua zen asteko egunak dira bidaiari gehien sortzen dituen epea. Nora zoaz, galdetzen dizute, bost jai egun segidan dituen astearen atarian.

Eta bai, egongo dira egun horien santutasunaren falta nabarituko dutenak, baina era berean egia da eliz usaina ez dagoela debekatua, nahi duenak eskuragarri dituela era guztietako ikuskizun eta elizkizunak.

Esparru honetan, beste askotan bezala, askatasuna zabaldu egin da, aniztasunak irabazi egin dio nahitaezkotasunari. Nahi duenak jar dezake etxean musika klasikoa, telebistek eskaintzen dituzte film historikoak, Kristo lehen planoan nahiz atzealdean dutenak eta ez zaizkio faltako elizkizunak, sermoi zirraragarriak edo prozesioak. Ez zaizkio faltako orain opor egunak diren santutzeko aukerak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos