https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Santiagua Bidea, Donejakue Bidearen urpeko adarra sortzea eta Kantauri itsasbazterraren balioa nabarmentzea xede dituen proiektua

Santiagua Bidea, Donejakue Bidearen urpeko adarra sortzea eta Kantauri itsasbazterraren balioa nabarmentzea xede dituen proiektua

Donejakue Bidearen adar berri honek 21 etapa aurkezten ditu

UNAI SARRIUGARTE

Santiagua Bidea, Donejakue Bidearen urpeko bidea sortzea eta Kantauri itsasbazterraren balioa nabarmentzea xede dituen proiektua da. Ihobek, ingurumenaren hobekuntzarako sozietate publikoak, bat egin du ekimen honekin. Hauxe egitasmo aitzindaria izan da.

Pasa den asteburuan proiektuaren aurkezpena burutu zuten Getxoko Portu Berrian. Ihobeko zuzendari nagusi den Jesus Losada eta Getxoko Udalaren Turismo, Euskara eta Kultura zinegotzi Irantzu Uriarte, Santiagua Bidearen koordinatzailarekin, Adolfo Rodríguezekin, eta taldeko beste bi kiderekin batera ekimen berri honen nondik-norakoak iragarri zituzten.

Bertan lehorreko lehen monolitoa jarri zuten. Harritzar honek Santiago Compostelaranzko norabidea markatzen du eta monolito hauxe itsas hondoan jada badaudenei gehituko zaie. Proiektu honek bide berri hau sortzeaz gain, itsasoan urperatuta dauden plastikoei, itsas baliabideen ustiapenari eta klima-aldaketaren aurrean sentsibilizatzea sustatu eta hedatzeko burutu da.

Losadak nabarmendu zuenez: «Ingurumen-hezkuntzaren arloko funtsezko alderdia du proiektuak, haren xedeetako bat gure itsasbazterreko itsas ekosistemak kontserbatzea eta plastikoen ondoriozko kutsadurari, itsas baliabideen gehiegizko ustiapenari eta berotze globalari buruz sentsibilizatzea baita«.

Santiagua Bidea proiektua uztailaren 25ean jarri zen abian, Santiago Egunaren ospakizunarekin bat eginez. Adolfo Rodríguez «Euskobuzo» urpekari taldeko kideak gaineratu zuenez: «Mundu osoko pertsonek ibiltzen dute Donejakue Bidea Santiago de Compostelara iristeko. Bere esanetan hemendik aurrera beste adar batekin egingo dute topo. Izan ere, Kantauri itsasotik abiatuta nazioarteko urpekari guztiek izango dute bide aitzindari hau egiteko aukera.

Bide berri honek 21 etapa aurkezten ditu, eta bide bakoitza zenbait monolitoz zehaztuta dago, Santiago de Compostelaranzko norabidea adieraziz. Getxoko kirol-kaian pasa den igandean, ekainak 4 aurkeztu zuten monolitoa, lehorrean dagoen lehendabizikoa da eta Galea lurmuturreko eta Santanderreko Mouro uharteko itsas hondoan jada ezarritakoei gehitu zaie. Gainera, norabidea zehazteko urpeko beste 5 monolito gehiago jarriko dira Hondarribia, Donostia, Gijon, Ribadeo eta A Coruñako hirietan.