https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jon Santacanak bere bosgarren Jokoetan egindakoa «arrakastatzat» jo du

Miguel Galindo eta Jon Santacana Pyeongchangeko Joku Olinpikoetan./Efe
Miguel Galindo eta Jon Santacana Pyeongchangeko Joku Olinpikoetan. / Efe

Bere bederatzigarren Olinpiar Jokoak dominarekin itxi duen kirolariak, Pyeongchangen lortutako zilarra aurkeztu zuen asteartean

ELCORREO.COM

Jon Santacana oso pozik azaldu da bere bosgarren eta azken Paralinpiar Jokoetan, Pyeongchangeko Jokoetan (Hego Korea), egindako lanarekin. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriak, Basque Team Fundazioko koordinatzailea den Olatz Legarzak eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioak lagunduta, Koreako hitzordu handiko super- konbinatuan eskuratutako zilarra aurkeztu zuen Jonek astearte arratsaldean Euskadiko Artxibo Historikoan.

Jonek eta bere gidak, Miguel Galindok, azken hamarkadan lorpen gehien erdietsi eta ia proba gehienetan podiumera igo den bikotea izateagatik gainean zuten presioa alboratu zuten zilarrezko domina poltsikoratzean. Super-konbinatuan irabazitako zilarraz gain, Jonek eta Miguelek laugarren postu bi lortu dituzte, bat jaitsieran eta beste bat super-erraldoian eta zazpigarren postu bat erraldoian.

Arantza bakarra eslalomean geratu zaie, trabatuta geratu zirelako laugarren atean. Basque Teameko kirolariak dominak irabazi ditu hitzordu paralinpiko guztietan, Torinon izan ezik. Hiru domina bereganatu zituen Salt Lake Cityn, 2002. urtean; hiru domina Vancouverren, 2010ean, eta bi domina Sotxin, 2014an. Pyeongchangen beste domina bat sartu du bere bilduman.

Bestalde, azpimarratzekoa da, 37 urte izan arren, Europako eta Munduko Kopetan ere arrakastak izan dituela Jonek denboraldi honetan. Korean parte hartu baino lehen, hain zuzen ere, Kimberleyko Munduko Kopan, Kanadan, zilarra eraman zuen jaitsieran eta brontzea super-erraldoian.

Orain eskiatzaile donostiarrak txapelketetaz gozatu nahi du, azken urteetan izan duen presioagatik sufritu barik. Kirol ibilbide oparoari 2019ko martxoan Obersaxen jokatuko den Munduko txapelketarekin amaiera ematea da bere asmoa.

Nor da Jon Santacana?

Jon Santacana estatu mailan ospe handienetarikoa duen eskiatzaile paralinpikoa da. Zortzi urterekin Joni Stargardt gaixotasuna diagnostikatu zioten; hau da, ikus- eremua eta ikus-zorroztasuna murrizten duen gaixotasuna. Gaur egun ikusmenaren ehuneko bost baino ez du Jonek, baina berak dioen moduan, garrantzitsuena ez da bere begiek ikusten dutena baizik eta bere buruak «ikusteko» duen gaitasuna.

Gurasoek berari eta anaiari naturarekiko eta aire librean egiten diren kirolekiko zaletasuna igorri zieten eta hortik jaio zen Jonek bere ogibide bihurtu duen eskiari dion maitasuna. B2 kategorian lehiatzen da (zerbait ikusten duten pertsonen kategorian).

Eskiatzen hasi zenean bere aita zihoan aurretik, semea jende gutxiago zuten lekuetatik eramanez. Baliabideak era naturalean bilatzen zituzten. Denborak aurrera egin ahala, estatu mailako taldearekin egindako lehen promozio kontzentrazioan, bere lehen gida aurkeztu zioten. Irratiaren bidezko komunikazio sistema erabiltzen hasi zen eta horri esker entrenamendu mailan gora egin zuen.

Gaur egun, Miguel Galindo Garces da bere gida; berarekin lehiatzen du 2002tik. Biek batera banakakoa den kirola talde-kirol bihurtu dute. Kirolari dagokionez, oso ondo moldatzen dira. Izaera diferenteak izan arren, osagarriak dira. 15 urte daramatzate elkarrekin eta zirkuituko bikoterik zaharrena osatzen dute. Gidatzeko era berezi eta bakarra garatu dute eta erreferente bilakatu dira goi mailako eski egokituan. Jonek markatzen du erritmoa eta jaitsieran Migueli jarraitzen dio baina bihurguneetan bere ikus-eremutik galdu egiten du. Gabezia hori zuzentzeko komunikazio sistema berezia erabiltzen hasi ziren. Miguelek agindu zehatz, labur eta garbiak ematen dizkio eta hitz klabeak erabiltzen dituzte lasterketaren erritmoa ezartzeko.

Hitzordu nagusiei dagokienez, 9 domina pilatzen ditu 5 Paralinpiar Jokotan (horietatik 3 urrezkoak).

Salt Lake City, 2002:
Urre bat (jaitsiera) eta bi brontze (eslalom eta super erraldoia.
Torino, 2006:
Parte-hartzea
Vancouver, 2008:
Urre bat (jaitsiera) eta bi zilar (eslaloma eta eslalon erraldoia)
Sotxi, 2014:
Urre bat (jaitsiera), zilar bat (eslalom) eta bi laugarren postu erraldoian eta super-erraldoian.
Pyeongchang, 2018:
Zilar bat (super-konbinatua), bi laugarren postu (jaitsiera eta super-erraldoian eta zazpigarren postu bat erraldoian.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos