https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Salüq' ikuskizuna izango da igandean Gasteizen, Dantza Sarean zikloaren barruan

'Salüq' ikuskizuna izango da igandean Gasteizen, Dantza Sarean zikloaren barruan
Maquinant konpainia

Emanaldia Felix Petite Antzokian izango da 18:30ean

PAUL PICADO

Dantza Sarean izeneko dantza garaikideko zikloaren bigarren edizioa izango da Gasteizen maiatzaren 10etik 12ra bitartean, eta horren barruan hiru ikuskizun antolatu dira: 'The Big Game', maiatzaren 10ean, 'Argia-Luz', maiatzaren 11n, eta 'Salüq', maiatzaren 12an. Ziklo honen helburua dantza garaikidearen programazioa normalizatzea da, euskal koreografoen lanen bidez. Horrela, tailer parte-hartzaileak, hitzaldiak eta familiarentzako dantza emanaldiak ere antolatu dira.

Igande honetan «Salüq» izeneko ikuskizuna izango da, Felix Petite Antzokian, 18:30ean, Maquinant konpainiaren eskutik. Juan Pablo Mendiolak zuzentzen du eta antzezleak Aina Gimeno eta Ana Ulloa dira. Gutxi gorabehera 50 minutuko ikuskizuna da, 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat. Berez, poesia bisuala, dantza, arte plastikoak eta teknologia berriak bateratzen dira, eta Mediterraneoan egiten den migrazioari buruzkoa da, neskato baten ikuspegitik.

Aina Gimenok eta Ana Ulloak Nür izeneko neskatoak egiten duen bidaia adierazten dute. Nürek bere herrialdetik ihes egiten du, bere borondatearen aurka, mundu hobe baten bila, eta inoiz ikusi ez dituen tokiak ikusiko ditu. Inoiz pentsatu ez dituen abenturak biziko ditu.

Baina Salüq ez da ikuskizun bat bakarrik, material pedagogikoak ere baditu bertaratzen diren neska-mutilentzat. Helburua da ikuskizunaren inguruan gogoeta egitea eta bidaia luze hori egin behar duten hainbat umerekin enpatia sentitzea. Ikuskizuna ikusteko sarrerak hemen eros daitezke, 6 eurotan.

Maquinant konpainia 2011. urtean sortu zen, inguratzen gaituen errealitatearen inguruko ikerketa egiteko. Hainbat jaialditan parte hartu du eta 2014an Estetikarik onenaren saria lortu zuen 2014ko Mislatako Jaialdian.

Temas

Euskera