«Saltsa musika ez zen asko entzuten hemen, eta are gutxiago euskaraz, baina aurkikuntza bat izan gara jendearentzat»
Goxua'n salsa, musika taldea ·
Goxua'n salsa musika taldeko kideak publikoa dantzan jartzeko prest datoz asteazken honetan AhotsenearaNAHIKARI CAYADO
Martes, 6 de diciembre 2022, 10:25
Julen Leuza musikaria Goxua'n salsa taldeko kidea da, sei kolonbiarrek eta bederatzi nafarrek osatzen dutena. 2020. urtean batu ziren beraien pasioa den musikarekin bat egin eta euskaraz kantatzen duen saltsa estiloko talde bat sortzeko. Asteazken honetan bertan, publikoak beraien zuzenekoaz gozatzeko aukera izango du Ahotsenean arratsaldeko 20.20etatik aurrera. «Euskal Herriko jendea eta latinoamerikar asko etortzen dira gure zuzenekoetara dantza egitera, nahaste kultural polit bat sortuz», dio musikariak.
Publicidad
- Saltsa estiloko euskal musika taldea da zuena. Nola sortu zen Goxua'n salsa?
Prozesu natural bat izan zen. Izan ere, Iruñekoak gara gehienak eta han badago saltsa mugimendu bat. Hau da, latioamerikatik kantariak etortzen direnean, batez ere Kolonbiatik, askotan, bakarrik etortzen dira, ez dira beraien taldearekin etortzen. Beraz, guk, taldea sortzen dugu hemen, haiei laguntzeko. Asko gara zirkuitu horretan ezagutzen garenak eta askotan elkartzen gara taldean musika egiteko, betiere abeslari horiei laguntzeko. Gauzak horrela, heldu zen momentu bat non hain pozik geundela musika horrekin, hainbeste gustatzen zitzaigun, talde propioa sortzeko erabakia hartu genuela.
- Euskaraz abesten duzue?
-Helebidunak gara. Taldeko asko euskaldunak gara, gure bizitza osoan euskal musika entzun izan dugu beti. Horregatik, euskaraz abestea eta kantuak sortzea proposatu genuen, eta Kolonbiarrek ez zuten arazorik izan. Hasiera batean euskal kantuen saltsa bertsioak egiten genituen, eta denborarekin, aurrerago, kantu propioak egiten hasi ginen. Hala ere, gaztelaniaz diren kantuak ere batzen ditugu gure diskoan. Izan ere, bederatzi abestitik, bost dira euskaraz eta lau gaztelaniaz.
- Saltsa estiloko talde klasikoa zarete.
-Hamabost kide gara taldean eta formazio handiko saltsa da egiten duguna. Horregatik, batzuetan agian ez da oso zilegi esatea gure taldea dela euskarazko saltsa estiloa jorratzen duen lehenengo taldea, izan ere, aurrekari asko egon dira, Joxe Ripiau eta horrelakoak, adibidez. Baina nire ustez zintzilikatu dezakegun domina ondorengoa da: gu gara lehenengoak formazio tradizionalean euskarazko saltsa egiten. Hau da, 70 eta 80 hamarkadan Puerto Ricon, New Yorken eta Kolonbian egiten zen saltsa hori da guk egiten duguna.
- Zer nolako harrera izan du zuen taldeak publikoaren aldetik?
-Harrera oso kuriosoa izan da. Publiko latinoa izan zen hasiera batean gehien hurbildu zena, baina euskalduna ere pixkanaka hurbildu egin zaigu. Saltsa musika ez zen asko entzuten hemen, eta are gutxiago euskaraz, baina aurkikuntza bat izan da jendearentzat, eta gustatu egin zaio. Beste alde batetik, moda bat dagoela ikusi dugu ere: akademietara saltsa dantzatzera doazenak. Asko dira akademia horietatik gure kontzertuetara datozenak dantzan egitera. Euskal Herriko jendea eta latinoamerikar asko etortzen dira, afizio handia dago, eta gure zuzenekoetan nahaste kultural polit bat sortzen da.
Publicidad
«Proposamen ezberdina»
- Asteazken honetan Durangoko Azokako Ahotsenean emango duzue zuzenekoa.
-Bai, horrela da, arratsaldeko 20.20etatik aurrera. Guretzat beti da oso interesgarria eta polita horrelako espazioetan jotzea. Ahotsenean gainera aukera ematen digute diskoa aurkezteko, gure lana ikustarazteko. Ez dakigu zenbat jende egongo den, hainbeste kontzertu egiten dira bertan... Baina guk eramango dugun proposamena guztiz ezberdina izango da gainontzeko taldeekin konparatuz. Ez dugu bateriarik erabiliko, hau da, ez dugu jendeak hainbeste ezagutzen duen formazio hori Durangora eramango. Ea bertako publikoari gustatzen zaion.
- Hamabost zarete taldean eta zuetako asko beste musika talde batzuetatik zatozte.
-Bai, batez ere kaleko musikatik, eta hori da garrantzitsuena niretzat. Nik esango nuke askotan horrelako musika tradizional eta folkloreetan sartuta gaudenok errazago hartzen dugula grina beste toki edo herrialde bateko musika tradizional eta folkloriko bat ezagutzeko. Nire ustez, hori da taldeko kideen artean daukagun konexioa, nahiz eta musika estilo batek ez daukan zerikusirik beste estilo batekin. Hau da, Euskal Herriko musika tradizionala eta saltsa oso ezberdinak dira, baina ez dut uste kointzidentzia bat denik beste herrialde batzuetako musika guri interesatzea.
Publicidad
- Zeintzuk dira Goxua'n taldearen etorkizuneko erronkak?
-Datorren urtera begira, kantu berriak sortzea da gure asmoa, material berria egitea taldea bizirik mantentzeko eta disko berri bat kaleratzeko. Gainera, Iruñean ezagutzen gaituzten arren, hortik kanpo ere jendeak gure lana ezagutaraztea da bilatzen duguna. Beraz, datorren urtera begira esan dezakegu saltsa estiloan kantuak egitea eta kantu berri horiek jendeari gustatzea izango liratekeela gure erronkak. Eta noski, jendeari gure kantuak gustatzea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión