Aski diru baduzu, edozer eros dezakezu. Edo hori pentsatzen dugu gehienok, gure begi bistan edo ezkutuan erosten eta saltzen dena ikusiz. Agian benetan dirudun direnek beste iritzi bat dute, ahalegindu arren ez dutelako zerbait erostea lortu edo etengabe erosteak ez dituelako asebetetzen. Auskalo.
Publicidad
Erosten da ospea, edertasuna, osasuna, botoak, jakirik hoberenak, etxerik ederrenak, lasaitasuna. Erosten da etxeetako epeltasuna edo beroa, sareetako adiskideak, erosten dira txaloak, denbora, bakea, etorkizuna. Erosten dira pertsonak, senarrak edo emazteak, langileak, poliziak, epaileak; erosten dira haurrak, erosten dira haur bat mundura ekarriko duten sabelak; erosten da odola, organoak, gorputzak. Erosten da zerua.
Baina zerbait erosten bada, norbaitek zera hori salgai duelako izango da. Dena omen dago salgai, baldin eta bakoitzari hura saltzeko eskatzen duena ordaintzen bazaio. Nonbait, nahi duzun hori erosterik ez baduzu, trukean nahiko diru eskaintzen ez duzulako da. Igo prezioa behar adina eta lortuko duzu.
Salgai dagoen guztia ez da erosten, baina erosten den guztia norbaitek saltzen du. Eta gutako gehienok pentsatzen dugu gure bizitza hobetu ahal izateko dirua dela tresnarik aproposena. Gogoan dut txikitan, Eguberrietako loteria-egunean, sari potoloa jaso zuen norbaitek irratian edozein poz adierazpen egiten zuenean, nola esaten ziguten «orain hasiko zaizkio arazoak». Ez nuen orduan ulertzen eta oraindik ere ez dut ulertzen.
Onar dezaket, teorian, badirela diruak konpontzen ez dituen arazoak, baina seguru aldapa apalagoa dela dirua sobran duenarentzat. Hori bai, badirudi inork ez duela dirua sobran, beti nahiko lukeela gehixeago.
Publicidad
Neroni, salgai nago? Ez dakit, batez ere ez delako inor salgai izan dezakedana erosten ahalegindu.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión