https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Rufino Iraola idazle, kazetari eta irakaslea hil da

Rufino Iraola idazle, kazetari eta irakaslea hil da

Zaldibiarra bertsozale amorratua zen, bertsoak jorratzen zein bertso ezberdinei buruko iruzkinak egiten ekarpen handia burututakoa

UNAI SARRIUGARTE

Rufino Iraola zaldibiar idazle, kazetari, euskara irakasle eta bertsozalea pasa den asteartean zendu zen Donostian, 73 urte zituelarik. Aste betean zituen osasun arazoak txarrera egin zuten eta idazleak agur esan zigun, Patxi Iraola bere anaia zaharrena apirilaren 29an egin zuen bezala.

Bertsozale amorratua zen Iraola, bertsoak jorratzen zein bertso ezberdinei buruzko iruzkinak egiten ekarpen handia burututakoa. Euskal Herriko Bertso Txapelketa baten baino gehiagotan epaimahaikide lanetan ere ibili zen: 1986ko eta 1989ko txapelketetan esaterako.

Zaldibiar idazleak euskal lurraldeko hainbat komunikabidetan ibili zen lanean. El Diario Vasco eta Bertsolari aldizkarirako hainbat artikulu eta iruzkin idatzi izan zituen, eta, era berean, Iraolaren kolaborazioak Euskaldunon Egunkarian, Hemen, Goierritarra, Txintxarri, HABE eta bere blog pertsonalean aurkitu daitezke. Halaber, Lasarte-Oriako euskaltegiko zuzendari izan zen jubilatu aurretik.

Ibilbide literario oparokoa dugu Rufino Iraola. Literaturan 90. hamarkadaren hasieran eman zituen lehen urratsak 'Dena dago zatitxo baten baitan' (1994) liburuaren bitartez. Kontakizun honekin 'Irun Hiria' ipuin lehiaketa irabazi zuen.

Bertsolaritzaren alorrean liburuxka bat baino gehiago jorratu izan du: 'Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak' (1999), 'Ñañarriri begira' (2003), Patxi Iraola anaiaren 'Naizen apurra' (2003) biografia liburua jorratzen ere aritu zen.

Narrazioaren esparruan ere hiru liburu kaleratu izan zituen. 'Zaldiarangoak' (2000) narrazio sorta, 'Biziaren bisutsak' (2000) artikulu bilduma eta 'Abaraskak' aforismo liburua (2000). Gainera, itzulpengintzaren alorrean Franz Kafkaren idazlearen 'Metamorfosia' itzuli egin zuen.

Temas

Euskera