Borrar
Rajoyren ostekoa

Rajoyren ostekoa

Harizpetik ·

Behin eta berriz atzeratzen ibili dena heldu zaio PPri: Rajoyren osteko sasoiari ekin beharra. Boterea egun batetik bestera galtzeak noraezean utzi du alderdia, oposizio ahalik eta gogorrenaz gaindiko asmo landurik gabe, iraganeko hainbat mamurengandik ihes egin ezinik

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Lunes, 18 de junio 2018, 00:23

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Denboraren kudeaketan maisu omen zen Rajoy. Hala errepikatu dute luzaroan kazetari askok. Bikain zekiela geldi geratzen, besteen hankasartzeen zain. Eta, beharbada, egongo da horrelakorik egin duen ibilbide politiko luzean. Azken urteotan, baina, jarrera horrek kalte baizik ez dio egin bere alderdiari, honi ezinbesteko zaion berrikuntza prozesua etengabe atzeratu duelako, modu horretan Ciudadanos-en gisakoei gizentzeko aukerak emanda. Gehiengo oso potoloarekin abiatu zen Rajoyren gobernu aroa, egoera ekonomiko gogorrean. Baina kanpoko esku-hartzea saihestu arren, artazien etengabeko jardunak erdi mailako klaseari sekulako zartadak eman zizkion. Elkarrizketarik gabe egin zuen hori guztia PPk, gorriak ikusten ari zirenekiko enpatia barik, Gorteak zapalgailu modura baliatuta. Horrelako jarrerek isolatu egin zituzten popularrak, gailurrean inoren beharrik ez dutenen bakardade horretara eramanda.

Gizartearen bidezko hainbat eskaerari lepoa eman eta honen ezinegonari muzin egiteak ekarri zuen 2015eko hauteskunde orokorretako beherakada nabarmena. PSOEren muturreko ahulezia izan zuten alde popularrek, Zapateroren sasoiaren amaieratik galdutako sinesgarritasun faltak eragindakoa. Orduko hartan Podemos-en handinahikeriak salbatu zuen Rajoy: hauteskunde errepikatu batzuetan ezkerreko alderdi nagusi bihurtzeko egindako kalkulu okerrek berrindartu zuten. Hala, 2016ko orokorretan behar zuen gehiengotik oso urrun geratu zen berriz, baina hilabete gutxi lehenago egindakoetan baino dezente sendoago. Geroztik, eusteaz gain, ez du aparteko ezer egin oraindik PPren buru denak. Ustelkeria kasuen aurrean ukazioa izan da bere tresna nagusia, aspaldikoak zirela errepikatuz, alderdi barruko zein Gobernu mailako bere ardurak bezperakoak zirelakoan edo.

Ekimen falta maila guztietara eraman du, gainera. Baita Kongresura ere. Gehiengo osora heltzeko falta zitzaizkionetara hurbiltzeko jatorrian Ciudadanos-ekin hitzartutakoa berehala gutxietsi zuen, aliaturik behar izan ez balu bezala. Aspaldi kiskalita zegoen buruzagi baten eskutik jarraitu nahi horrek eraman du egungora PP, di-da batean Gobernutik at geratzera, berrikuntza derrigortuta eta premiaz egin behar izatera, erreferentzialtasun politikoa guztiz galtzera. Bere ondorengoaren aukeraketan parte hartuko ez duela agindu du Rajoyk, baina ikusteke dago sor daitekeen barne gatazka gordinak momenturen batean horretara behartuko ez duen. Ez da gai izan beste belaunaldi bateko norbaiti aginte makila garaiz emateko, biziraupena izan du helburu nagusi. Baina ez dago ustelkeria kasuen ilara amaigabeari beste inora begiratuta aurre egiterik, horiekiko inolako ardurarik ez onartzerik. Horregatik behartu ahal izan dute Rajoy alde egitera, ez zeukalako jarraitzeko indar politikorik ez aginpide moralik. Iragana zelako, tatarrez aurrera proiektatzen saiatzen ari zen iragana.

PP ez da ezustekoetara ohitutako alderdia, ez zen horretarako sortu. Bere jauziak ondo neurtutakoak izaten dira, eta aldaketak gutxikakoak eta ahalik eta mugatuenak. Rajoy berarena baino aukeraketa prozesu demokratikoagoa izango da honakoa, baina hori ez da asko esatea, edozer baita Aznarren atzamarra baino bidezkoago, gardenago eta ordezkagarriagoa.

Hiru dira aukera nagusiak. Galiziako presidente Alberto Núñez Feijóorenak jarraipenarena ematen du, Rajoyren jatorri eta estilo beretsukoa denez gero. Hango hauteskundeetan lortutako hiru gehiengo osoak dira bere bermerik onena, irabazleei dagokien indar hori duelako. Baina lidergo aldaketek buruzagitza taldeetan berez eragiten dituztenez gain ez du ematen PPren orain arteko ildo politikoari ezer gehitu edo kenduko liokeenik. Eta hori segurtasun iturri izan daiteke alderdian, baina aldi berean arrisku ere bada. Popularrek sakoneko eraldaketa behar dute, estiloan, jokaeretan eta iragana kudeatzeko moduetan. Feijóok ez du horrelakorik ahalbidetuko. Egia esan, ezta faborito diren beste biek ere.

Soraya Sáenz de Santamaría Rajoyren itzala izan da azken urteotan, honen estrategiaren zutabeetakoa. Zentsura moziora eraman duen ibilbide horretakoa, iraganeko zama horiek arintzeko gai izan ez direnen artekoa. Etsai amorratuak egin ditu barruan; ustelkeriak eraman dituenetakoak batzuk, baina baita oraindik boteretsu diren beste asko ere. Ondo neurtu beharko du zein urrats egin, eta egitekotan zein bereizgarrirekin egingo duen. Uztaileko kongresua ez da autokritikarena izango, gainerako eragileen aurka jotzekoa baino. Eta hori, berez, ez da abiapuntu egokia aurrera begirako alternatiba sendoa eraikitzekotan. PPren arazo nagusietakoa jarrerei lotutakoa izan delako, Espainiako gizartearen gehiengo zabaletik urruntzera eraman duena. Proiektu berritzailerik, ustelkeriaren aurreko jarrera irmo eta eraginkorrik zein zentrora jotzerik gabe nekez gaindituko ditu bere egungo gabeziak eta ajeak. Inork ez du orain arte horretarako asmorik agertu, Pedro Sánchez-en gobernuaren aurka ahalik eta gogorren jotzea eta horren zilegitasuna zalantzan jartzea besterik ez.

María Dolores de Cospedal da lidergorako aukerak izan ditzaketenen artean bere inguruan gehiengo sozialak osatzeko zailen daukana. Oso eskumakoa delako, PP egungora eraman dituztenetakoetan lehen mailako ardura duelako, ez daukalako kanpoan zein barruan aliatuak biltzeko gaitasunik. Bárcenas-en inguruan duela zenbait urte egindako adierazpenek —honen kaleratze 'diferituari' buruzko zorigaiztoko haiek— nahikoa izango ziren goi mailako ekinbide publikoko herrialde aurreratu batean edonor dimisiora eramateko. Ez zen hala gertatu, noski, eta iritzi publikoaren aurrean barregarri geratzeak, gezurraren paradigma bihurtzeak, ez zion kalte politikorik eragin. Alderantziz, Defentsa ministro izendatu zuen Rajoyk beranduago, PP oraingo bidegurutzera eraman duen jokabideari jarraiki.

Aste gutxi barru ikusiko da zertarako egiten duen bere ezohiko kongresua Alderdi Popularrak. Aldaketa azalekoa bada ezer gutxi aurreratuko du, bere praxia maila askotan toxikotzat jotzen baitu iritzi publikoaren zati handi batek, baita eskuma inguruan Ciudadanos-en aldeko apustua gero eta garbiago dutenek ere. Sinesgarritasuna galtzea hilgarria da politikan. Eta denak berdin jarrai dezan zenbait izen-abizen soilik aldatzeak ez darama inora. Orain arte erosotasunaren alde egin dute PPkoek. Baina horrek jada ez die balio.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios