https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pussy Riot kolektibo errusiarrak 'Riot Days' aurkeztuko du gaur, Bilboko Kafe Antzokian

Pussy Riot taldea./
Pussy Riot taldea.

Antzerkia eta punk musika eta jarrera uztartzen dituen kontzertu-performance bat da

EL CORREO

Pussy Riot arte kolektibo errusiarrak 'Riot Days' izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du gaur, Bilboko Kafe Antzokian. Antzerkia eta punk musika eta jarrera uztartzen dituen kontzertu-performance bat da, eta Maria Alyokhina kolektiboko kideak idatzitako izenburu bereko liburuan oinarrituta dago. Interesdunek sarrerak gaur erosi ahal izango dituzte, Biba! Komunikazioak jakinarazi duenez.

Pussy Riot Moskun egoitza duen protesta kolektibo artistikoa da. 2011n sortu zen, eta ezohiko lekuetan punk rock emanaldi probokatzaileak antolatzen hasi zen. Denbora pasa ahala, emanaldien bideoak biralak bilakatu ziren sarean. Feminismoa, LGTB eskubideak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari oposizio irmoa izan dira kolektiboaren ideia politikoen ardatz nagusiak.

2012ko abuztuan nazioartean ospetsu egin ziren Nadezhda Tolokonnikova, Maria Alyokhina eta Yekaterina Samutsevich plataformako kideei bi urteko kartzela zigorra ezarri zietenean «gorroto erlijiosoak eragindako bandalismoagatik», Moskuko Kristo Salbatzailearen Katedralean Putin-i Errusiako eliza ortodoxoak ematen zion babesa salatzeko egin zuten kontzertu baten ondoren.

Epaiketak eta epaiak kritika ugari eragin zituen, eta Amnesty International moduko erakundeek babesa eta laguntza eskaini zieten. Samutsevich 2012ko urrian aske utzi zuten apelazio baten ostean, eta Tolonnikova eta Alyokhina-ri aministia eman zien Errusiar Parlamentuak 21 hilabete espetxean eman ondoren.

Ordutik hona protesta ekintza gehiago antolatu dituzte, bai eta hainbat bideoklip grabatu ere. Duela bi urte Maria Alyokhina-k aktore bezala arrakasta handiz debutatu zuen 'Burning Doors' filmean, hiru preso politiko errusiarrei buruzko kritikak txalotutako antzezlan batean.

'Riot days'

'Riot Days' Maria Alyokhina-ren azken proiektua da, antzerkia eta punk musika eta jarrera uztartzen dituen kontzertu-performance bat, bere izenburu bereko liburuan oinarritua. Ikuskizuna Alyokhinak berak eta Yury Muravitsky antzerki zuzendari errusiarrak zuzendu dute. Taula gainean, Alyokhina, Kyril Masheka 'Burning Doors' filman zuen kide nagusia eta AWOTT (Asian Woman On The Telephone) talde musikaleko Nastya eta Max izango dira.

'Riot Days' ikuskizunak sarrerak agortu ditu Chicago, Mexiko Hiria, Los Angeles, Boston, Newcastle, Liverpool, Edinburgo, Viena, Berlin edo Munich bezalako hirietan, eta gaur Bilboko Kafe Antzokira helduko da iVisions Music Arts And Entertainment eta Wegow-ren eskutik.

Sarrerak Wegow plataforman daude eskuragarri, egunean bertan izango duten salneurriarekiko %25eko beherapenarekin. Gonbidatutako artista moduan New Day izango da, Dover taldeko sortzaile Amparo Llanos-en talde berria, 'Sunrise' diskoa aurkezten. Aretoko ateak eta txarteldegia 20:00etan irekiko dira, eta kontzertuak 20:30ean hasiko dira.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos