Profesionalen prestakuntza areagotuz, genero-indarkeria pairatzen duten emakume ijitoentzako
Emakundek emakume ijitoen arretari buruzko modulu bat sartuko da Jabetuz ikastaro aurreratuan
leire larrazabal
Asteazkena, 16 azaroa 2022, 18:03
'Genero-indarkeriaren biktima diren emakume ijitoentzako arreta EAEn' izeneko jardunaldia ospatu du Emakundek eta bertan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurreratu duenez, bere sailak, Emakunderen bitartez, profesionalen prestakuntza indartzeko asmoa plazaratu du, indarkeria matxistaren biktima diren emakume ijitoen arreta hobetzeko.
Hain zuzen ere, emakume ijitoen arretari buruzko modulu bat sartuko da Jabetuz ikastaro aurreratuan, profesionalentzat, eta bi gida landuko dira: bata, genero-indarkeriari eta ijito-komunitateari buruzkoa, emakume biktimei arreta ematen dieten profesionalentzat; eta bestea, genero-indarkeriari eta emakume ijitoei beraiei zuzendutako arreta-baliabideei buruzkoa.
Izan ere, Artolazabalen ustez, «ezin zaio genero-indarkeriaren biktima diren emakume ijitoen arretari heldu haien errealitatea ezagutu gabe. Arreta generoaren eta giza eskubideen ikuspegitik eta ikuspegi multikultural batetik egitea nahi dugu». Bestetik, Artolazabalen hitzetan, emakume ijitoek diskriminazio anitza jasaten dute «gizarte patriarkal batean emakume izateagatik eta gutxiengo etniko bateko kide izateagatik», eta aurreiritzi sozialen aurrean, emakume ijitoen aktibismoa funtsezkoa izaten ari dela esan du. Antigitanismoa errealitate bat da gure gizartean, onartu du, eta honek «ijito askori beren oinarrizko eskubideak bete-betean eta eraginkortasunez erabiltzea eragozten die».
Are gehiago, «Euskadi gizarte inklusiboa eta kulturartekoa izatea nahi dugu, eta, horregatik, antigitanismoaren aurkako euskal itun sozialaren oinarriak adosteko lan egingo dugu», sailburuaren esanetan.