Borrar
DA! PRO topaketaren zazpigarren edizioaren aurkezpena, Bilboko BBK Salan. J. Echevarría

DA! PRO topaketak programatzaileak eta sortzaileak elkartuko ditu berriro

Hamazortzi sortzailek parte hartuko dute azaroaren 25ean eta 26an ospatuko den ekimenaren zazpigarren edizioan. Programatzaileek izena eman dezakete dagoeneko

Asteartea, 4 azaroa 2025

Comenta

Programatzaileak eta sortzaileak Durangoko Azokaren atarian harremanetan jartzeko balio duen DA! PRO topaketak azaroaren 25ean eta 26an ospatuko du bere zazpigarren edizioa. Horren berri eman dute astearte honetan BBK Salan Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak, Itxasne Arabiourrutia Berbaro elkarteko kideak, Maddi Arana Musika Bulegoko kudeatzaileak eta Koldo Bilbao BBK Fundazioko Kultura arduradunak. Euren hitzetan, ekimen honen bitartez «sortzaileek, profesionalek eta programatzaileek aurrez aurre ezagutzeko aukera izango dute, etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko asmoz».

Momentuz, topaketan parte hartuko duten sortzaileen hautaketa egin berri dute. Hamazortzi izango dira guztira: zortzi familia-ikuskizun eta hamar musika proiektu. Eta, orain, azaroaren 21era arte, programatzaileek izango dute izena emateko aukera, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean.

Baina nola funtzionatzen du DA! PROk? Bada, topaketa honetan, euskaraz jarduten duten sortzaileek euren proposamenak aurkezteko aukera izango dute. Eta aurrean, hamar-hamabost minutu inguru iraungo dituzten azalpenak ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira.

Sortzaile bakoitzak erabakiko du bere proposamena nola erakutsi: hau da, azalpen baten bidez, zuzeneko emanaldi labur bat eskainiz edo bideo bat proiektatuz. «Zuzeneko hartueman horren bidez helburu bi lortu gura ditu topaketak: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea», esan du Gaztelurrutiak. Hori dela eta, jasotako proposamenak katalogo bitan txertatu eta programatzaileen esku utziko dira.

Adin tarte guztietarako proposamenak

Egitarauari dagokionez, Berbaro elkarteak antolatuko duen familia ikuskizunen ekitaldia azaroaren 25ean egingo da, goizeko 9.00etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan. «Bertara hurbiltzen diren programatzaileek sortzaileak eta euren proposamenak gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, galderak egiteko tartea eta katalogoa jasotzeko aukera izango dute», azaldu du Itxasne Arabiourrutia Berbaro elkarteko kideak.

Esan bezala, aurten, zortzi proposamen artistiko «oso interesgarriak» aurkeztuko dira, gehienak adin tarte guztietara irekita: dantza, antzerkia, musika, bertsoak eta bestelakoak. Besteak beste, Potx eta Lotx pailazoek, Josan Aramayo musikariak, Grama kolektiboak, Euskal Barrok Ensemblek, Zurrunka Teatroak eta Lanku ekoizpen etxeak parte hartuko dute ekimenean.

Hurrengo egunean musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan. Eta Maddi Arana Musika Bulegoko kudeatzaileak dioenez, «musika berriei ikusgarritasuna emateko» balioko du. «Hemeretzi proposamen jaso baditugu ere, horietatik estilo eta ikuspegi askotariko hamar aukeratu ditugu: Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider, hain zuzen ere». Proiektuen %74 euskaraz direla, %53 emakumeek gidatzen dituztela, eta %68 gazteenak direla jakinarazi du.

Halaber, Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatuko duen 2026an MusikaGaz Fest jaialdiaren laugarren edizioak egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko duela nabarmendu du. «Beraz, hilaren 26ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera edukiko dute», amaitu du.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo DA! PRO topaketak programatzaileak eta sortzaileak elkartuko ditu berriro

DA! PRO topaketak programatzaileak eta sortzaileak elkartuko ditu berriro