Urgente En directo, Bilbao Basket-Gran Canaria
Rosa Trinidad, Bide Indarkeria Stop elkarteko presidentea dena MAIKA SALGERO

«Prest gaudela uste dugun arren, nekeak eragin egiten digu gidatzerako orduan»

Bide Indarkeria Stop elkarteak 'Zu itzultzea nahi dugulako' kanpaina jarri du martxan uda honetan, gidariei aholkuak eskainiz

Domingo, 23 de julio 2023, 09:50

Ziur askotan entzun izan duzula «hobe da heltzea, berandu bada ere, inoiz ez heltzea baino» esaldia. Batez ere, autoa hartzera zoazenean, bidaia luze bat ekiteko asmoz. Eta baliteke kasurik egin ez izana, ezta? Azken finean, zu zara gidaria eta zuk kontrolatzen dituzu zure erreflexuak, ezta? Ba, jakin ezazu hori ez dela egia. Bolantearen aurrean zaudenean behar-beharrezkoa da bost zentzumenak guztiz aktibaturik izatea, eta hori ezinezkoa da ordu asko badaramatzazu gidatzen. «Askotan prest gaudela uste dugun arren, nekeak, akidurak... eragin egiten die pertsonei. Ezetz uste dugu, baina bai. Gidatzen ordu asko daramatzazunean ez zaude zure gaitasun guztiekin. Horregatik, premiakoa da bi orduro gelditzea eta atseden hartzea berriz ere bidaiarekin hasi orduko».

Publicidad

Rosa Trinidaden mezua argia da. Bide Indarkeria Stop elkarteko presidentea denak, urteak daramatza gizartearen kontzientziazioaren inguruan lanean. Helburua, kultura-aldaketa sustatzea bide-segurtasunari dagokionez eta horrek bide-ezbeharretan eragiten dituen ondorio negatiboei dagokienez. Horrexegatik hain zuzen, uztaileko hilabetea hasi zenean 'Zu itzultzea nahi dugulako' kanpaina jarri zuten abian Euskadiko hainbat puntu ezberdinetan. «Hilabete hauetan, ibilgailu kopuru oso handia dago gure errepideetan, eta beharrezkoa da arreta handiz ibiltzea. Geroz eta auto kopuru handiagoa egon, handiagoa da ere istripuak izateko arriskua», azaldu du.

Rosak berak azaltzen duenez, Arrigorriagan, Amorebietan eta Zarautzen dauden gasolina-zerbitzuguneetara joan ziren, bertan geratzen ziren gidaiariei aholkuak emateko asmoz. Behin autoa gelditzen zutenean, orri-markatzaile bat oparitzen zieten (euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez), bertan ondorengo mezuak zeudelarik: Arreta handiz gidatu eta atsedena hartu bi ordutik behin edo 200 kilometrotik behin; errepide arruntetan izaten dira hildako gehien, arreta areagotu; ez gainditu abiadura-mugak eta egokitu bidearen baldintzetara; mantendu segurtasun-distantzia eta bidea bustita badago, handitu; errespetatu txirrindulariak! Mantendu gutxienez 1,5 metrotako alboko distantzia; hainbat erreiko bideetan, ez ibili erdian dagoena eskumakoa libre badago; distrakzioak dira tragedien kausa nagusia. Ez erabili mugikorra bolantean; alkohola, drogak eta bolantea konbinazio hilgarria dira; bidaiari gutzientzako segurtasun-uhala eta haurrekin bidaiatzen baduzu, beti eraman haurrak lotzeko sistema batean.

«Badakigu mundu guztiak ezagutzen dituela legeak eta errespetatu beharreko abiadura mugak, baina ez dituzte betetzen. Horregatik, uneoro errepikatu beharreko gai bat dela uste dugu. Agian, horrelako kanpainak egin eta gero, errepideetan gertatzen diren ezbehar-kopuruak behera egiten du, baina gero jendeari ahaztu egiten zaiola ematen du», gaineratu du Trinidadek.

Istripu gehiago, errepide arruntetan

Aldi berean, azpimarratzen du errepideetan jartzen duen abiadura-mugak ez duela zertan esan nahi abiadura horretara joan behar daukazunik beti. «Ez. Euria bada, edo errepidea lainotuta badago, egokiena abiadura murriztea da. Eta hori oso gidari gutxik egiten dute», dio. Halaber, istripu larrienak errepide arruntetan izaten direla azaldu dio EL CORREO-ri. «Nahiz eta autobidean abiadura handiagoa den, ez da gauza bera auto batek atzetik edo alboz ematea, edo aurrez aurreko talka bat izatea. Oro har, askoz ere ondorio latzagoak izaten dira horrelako istripuetan», arrazoitu du.

Publicidad

Bestalde, Bide Indarkeria Stop elkarteko presidenteak aipatu duenez, istripu «gehienak» helmugara heltzen direnek izaten dituzte. Hau da, etxera bueltan daudenean, edo oporren destinora heltzen daudelarik. «Ematen du bidaia hastean oso espabilatuta egoten garela, baina orduak aurrera egin ahala, nekatzen joaten garela. Horregatik da hain beharrezkoa bi orduro atseden hartzea. Ez da txantxa», dio.

Ildo berean, autoaren mantenimendu onaren beharra ere azpimarratu du. «Ezinbestekoa da bidaia luze bat egiteko autoa ondo izatea. Bestela, pentsa, balaztarik gabe gera zaitezke, gurpil bat lehertu ahal zaizu edo autoaren norabidea ondatu. Eta arrisku horiek ondorio larriak izan ditzake, bai gidariarengan eta baita bere aldetik doan beste auto zein pertsonengan», azaldu du. Horregatik guztiagatik, zurruntasunez gidatzea da elkartetik eskatzen dutena.

Publicidad

Izan ere, Bide Indarkeria Stop izeneko Bide Segurtasunaren Defentsarako Euskal Elkartea – 2020. urtearen hasieran sortu zen, bizitzaren aldeko apustua egiteko konpromisoarekin. «Gure lana prebentzio- eta sentsibilizazio-ekintzen inguruan garatzen da. Ekintza horiek bizikidetzako, tolerantziako, enpatiako, bizi-kalitateko eta bide-segurtasuneko ohitura eta jarrera positiboak sortzen dituzte, bideindarkeriak hildako zero izateko azken helburua lortu arte», diote bertatik

Horrexegatik, urte osoan barrena hamaika ekintza ezberdin antolatzen dituzte jendea kontzientziatze aldera. Bide heziketako hainbat hitzaldi antolatzen dituzte haur, gazte, heldu, txirrindulari, gidari zein oinezkoei zuzenduak daudelarik. Kurtso amaieran esaterako, klase praktikoak eman zituzten Durangoko ikastetxe ezberdinetatik. Halaber, haurdun dauden emakumeei ere hitzaldi bereziak eskaintzen dizkiete, haurrak autoan nola kokatu behar diren erakusteko; edo baita pertsona nagusiei ere, gidari eta oinezkoen moduan bete beharreko arauak azalduz.

Publicidad

Beste alde batetik, martxan daukate oraindik beraien erakusketa ibiltaria, aurten bigarren urtez martxan jarri zuten argazki lehiaketan finalista geratu ziren irudiekin sortuta dagoelarik. Datorren urriaren 16ra arte, Gasteizen egongo da ikusgai, bertako agertoki ezberdinetan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad