https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'El precio' antzezlana Principal Antzokian, larunbatean

Tristán Ulloa, 'El precio' izeneko antzezlanaren protagonista bat. /Jordi Alemany
Tristán Ulloa, 'El precio' izeneko antzezlanaren protagonista bat. / Jordi Alemany

Obrako antzezleak Tristán Ulloa, Gonzalo de Castro, Eduardo Blanco eta Elisabet Gelabert izango dira

PAUL PICADO

Silvia Muntek zuzendutako 'El precio' izeneko antzezlana izango dugu larunbat honetan Principal Antzokian. Obraren egilea Arthur Miller antzerkigile estatubatuarra da eta zuzendaritzaz Silvia Munt arduratu da. Antzezleei dagokienez, Tristán Ulloa, Gonzalo de Castro, Eduardo Blanco eta Elisabet Gelabert dira protagonistak. Obra 20:30ean hasi eta 22:00etan gutxi gorabehera amaituko da. Sarrerak erosi nahi izanez gero, hemen egin daiteke.

Obraren hasieran hamasei urte elkar hitz egin gabe eman duten bi anaia agertzen dira. Familiaren etxeko ganbaran daude, izan ere, etxea handik gutxira eraitsi behar dute eta dauden altzari zaharrak saldu nahi dituzte. Victorrek, erretiratzear dagoen polizia apalak, eta Esther, haren emazteak, zirujau arrakastatsua den Walter anaia nagusiari deitzen diote, tasatzaile batekin altzari zahar horien prezioa ezartzeko.

Hauts geruza handia duten objektuak aztertzen egoten dira ganbaran, baina altzari zahar horiek ez dira etxean dauden gauza bakarrak: oroitzapen ugari ere badaude. Horrela, beste erabaki batzuk hartu izan balituzte, gauzak nola izango liratekeen pentsatzen hasten dira protagonistak.

Obra Estatu Batuetako 1929ko krakan kokatuta dago, eta egon zen urritasun ekonomiko horren aurrean lau protagonistek izaten duten erantzuna oso bestelakoa da. Etorkizunari aurre egiten dioten modua ere desberdina da.

Silvia Munt zuzendaria dantzaren munduan hasi zen baina gero aktore gisa aritu zen berrogeita hamar film baino gehiagotan. Hainbat sari ere irabazi ditu, horien artean Goya saria, 'Alas de mariposa' filmari esker. 2001. urtean zuzendaritza-lanera batik bat jo zuen, eta bai dokumentalak, bai antzerkiak zuzendu ditu. 'Lalia' izeneko bere lehen dokumental laburrarekin Goya saria ere irabazi zuen, zuzendari gisa.

Temas

Euskera