https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Post-egiaz

Donald Trump presidenteak 'Make America great again!' eslogana erabili zuen bere kanpainan./Afp
Donald Trump presidenteak 'Make America great again!' eslogana erabili zuen bere kanpainan. / Afp

Historian zehar, egiak hiru oztopo nagusi aurkitu ditu: erlijiozko dogma, erabilera politikoa eta akasdun erretorika

FELIX GERENABARRENA

2016. urtean Oxford Dictionaries erakundeak 'Post-Truth' (Post-Egia) hitza aukeratu zuen urteko esanguratsuenen artean. Hitz horrekin esan nahi zuten datu objektiboetan oinarritutako aipamenek eragin txikiagoa dutela iritzi publikoan emozioetan eta sinesmen pertsonaletan iturburua dutenek baino. Matthew D'Ancona kazetariak 2017ko 'Post-Truth' liburuan dioen moduan, badirudi post-egiaz lehen aldiz 1992an hitz egin zela, Steve Tesich idazlearen artikulu batean. Tesichek adierazten zuen, orduko hainbat eskandalu aipatzerakoan (Watergate, Iran-Contra eta beste), amerikar gizartean jendeak bizkarra eman ziola egia ezagutzeari. Beraz, badirudi, post-egiak aplikagarritasuna duela batez ere politikak eta ezagutzak talka egiten duten eremuetan. 2016an, 'Post-egia' hitza berriro modako bilakatu zen, batez ere Donald Trumpen hauteskunde kanpainan eta Brexitaren aldeko kanpainan erabilitako eslogan batzuek –'Make America great again!' (Berriro Amerika handi egin) edo 'Take back control' (Kontrola berreskuratu)– adituen eta aurreikuspenen aurkako emaitzak lortu zituztelako. Egungo fenomeno indartsua delako post-egiak merezi du azterketa sakonago bat.

Internetek eguneroko bizitza baldintzatzen duenez gero, post-egiaren arazoa larritu egin da sarearen garai honetan. Interneten informatzen duten orri askoren ezaugarri deigarria da sustagarritzat dutela ahalik eta klik gehien lortzea, ez ordea ahalik eta informazio egiazkoena ematea. Arazo horiei aurre egiteko kontzeptu berrien beharrizana azpimarratu dute sareko adituek. Esate baterako BBC kateak 'slow news' (berri geldoak) kontzeptua iragarri du. Horrekin BBCkoek azpimarratu nahi dute berriak kaleratzerakoan sakoneko analisia eta azalpena eskain tzen dizkietela ikusleei, informazio gordinaz gain, gai hautatu baten ikuspuntu ezberdinak jaso ditzaten.

«Badirudi post-egiaz lehen aldiz 1992an hitz egin zela, Steve Tesich-en artikulu batean»

D'Anconak bere liburuan beste arrisku batzuk ere aipatzen ditu. Adibidez dio web orriek biltzen duten erabiltzaileen informazioa (beren joera pertsonalei buruzkoa) pertsonalki zuzendutako propaganda sortzeko erabili daitekeela. D'Anconaren ustez, inteligentzia artifiziala beharko litzateke horrelako kasuak identifika tzeko poligrafoaren antzeko lana sarean egin ahal izateko. D'Anconaren planteamendua interesgarria da, baina hala ere, nolabaiteko informazioaren determinismoa islatzen du. Edozein kasutan, D'Ancona ohartzen da datuez gain, komunikazio emozionala nahitaezkoa dela eta aurreikusi egiten du post-egien komunikazioaren eta kontrakomunikazioaren arteko bataila antzeztua. Azken unean, komunikazio informalak mito berriak sortzen dituela uste du D'Anconak. Hau da, Roland Barthesek 'Mythologies' liburuaren antzeko emaitzetara iristen da. Mitoen azterketa kritikoak diosku adierazpen linguistikoak direla baina hitzen azpitik, mitoek balioak bideratzen dituztela. Azkenik, balio hauek nahiak mugiarazten dituzte. Horregatik post-egiaren kritikak balioak hartu behar ditu kontuan, egiazkotasuna eta erantzukizuna ez baitira norbera iraunarazteko balioak.

Alternatiba filosofikoak

Erabat berria al da Post-egiak izendatzen duen fenomenoa? Egiaren kontzeptuak izaera normatiboa dauka. Gizartean zirkulazioan dabiltzan adierazpenak epaitzeko kalitatezko irizpidea da egia. Horrela agertu zen mendebaldeko tradizio kulturalean, sofisten iritzi soilen aurka, 'aletheia' hitz greziarrak esan nahi baitu hitzen aparien tzien azpian dagoena azaltzea. Historian zehar, egiak hiru oztopo nagusi aurkitu ditu: erlijiozko dogma, erabilera politikoa eta akasdun erretorika. Bakoitzak bere aldetik edo nahasita, egiaren helburu erregulatzailearen eragina saihestu dute. Dogmak normalean gorengo ahots baten autoritatea izendatzen du justifikaziotzat eta bere eragina gainditzeko garrantzitsua da beste ahots batzuk ere daudela erakustea. Erabilera politikoari buruz Myriam Revault d"Allonesek uste zuen eszenatoki politikoan iritziak bideratzen direla, ez ordea, egiak. Revault d'Allonesen tzat, politikaren helburua zen amankomuneko gaitzaren aurka erresistitzea. Arazoa da, iritziak horren barreiatuta daudenean, gaitza non dagoen jakitea zailegia bilakatu daitekeela herritarrentzat. Alain Badiouk, jarrera hori kritikatu zuen esanez politikaren helburua dela 'statu quo' edo gauzak diren moduko antolakuntzari aurre egiten dion proposamenak prestatzea. Post-egien garaian, hala ere, aldaketaren izenean gertatu dira azken bira elektoralak, Trumpen garaipena (Washingtongo establishmentaren aurka) eta Brexita, europar ustezko burokrazia mugiezinaren aurka. Beraz, aldaketaren irizpidea ere ez da guztiz arrakastatsua.

«Hala ere, erabat berria al da post-egiak izendatzen duen fenomenoa?»

Aipatu dugun azken fenomenoa, erretorika akasduna, aplikagarriagoa izan daiteke post-egiak planteatzen duen konplexutasuna gainditzeko. Azken batean, erretorika modu bat da propaganda, eta aztertu behar dena da zein forma duen propaganda dei tzen diogun erretorika horrek. Douglas Waltonek 'Media argumentation' (2007) bere liburuan adierazten du propagandaren helburu nagusia ez dela iritziak aldatzea, baizik eta propaganda-mezuak jasotzen dituztenek zerbait egitea edo gizartean proposatzen den akzio baten baieztapena lortzea. Waltonek dio propaganda bereziki arrakastatsua dela arazo batean alde bateko eta besteko argudioak parekatuta daudenean. Kasu horietan, beldurra edo bihozmina sorraraziz, eztabaidaren emaitza desorekatzen saiatzen da propaganda. Waltonek aipatzen du, gainera, propagandaren arazoa zera dela, sarritan eztabaida bezala mozorrotuta agertzen dela gizartean. Beraz, garrantzitsua bilakatzen da propagandaren aurrean konturatzea bere helburua ez dela eztabaida kritikoa sustatzea ezta egia ezagutzea ere, baizik eta oniritziak lortzea. Azkenik, gizarte diskurtso ekin sarritan Bertrand Russellen gomendioa da gogoragarria. 'Free thought and official propaganda' bere liburutxoan Russellek 'zalantzarako gogoa' edo 'will to doubt' proposatzen zuen propagandari aurre egiteko. Russellen liburuak eta an tzekoak sarriago irakurtzeak ere ez digu kalterik egingo, aurretik manufakturatuta dauden diskur tsoen lausoa nolabait orekatu ahal izateko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos