https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Portugaleteko otxote jaialdiko konposizio lehiaketan izen emateko epea, zabalik

Dakot Bat izeneko Portugaleteko Otxotea, 2015ean./Pedro Urresti
Dakot Bat izeneko Portugaleteko Otxotea, 2015ean. / Pedro Urresti

Otxoteen Nazioarteko Jaialdia azaroan egingo dute, hilaren 22tik 24ra, asteburu osoz. Hiru taldek hartuko dute parte, eta 25erako, jaialdia ixteko, kalejira antolatu dute

AMALIA IBARGUTXI

Portugaleteko nazioarteko otxote jaialdiak 19. edizioa du aurtengoa. Jaialdiak aurtengo edizioa emakumeei eskainiko die, tankera horretako kantugintzan oso gutxi direlako oraindik ere. Azaroan egingo dute, hilaren 22tik 24ra, asteburu osoz. Hilaren 21ean Santa Klara kulturgunean 'Historia del ochote' dokumentala izango da ikusgai, eta bertan emango dute ezagutzera 2. Nazioarteko Konposizio Koraleko Saria, izen-emateko epea zabaldu berri duen lehiaketa.

Lehiaketaren xedea da zortzikoteentzako konposizioak bultzatzea, bai gizonezko ahotsetarako bai emakumezkoentzako. Obrak aurkezteko epea azaroaren 5ean bukatuko da eta epaimahaiaren emaitza azaroaren 21ean ezaguteraziko da, Portugaleteko Santa Klara Kulturgunean egingo duten jaialdiaren lehenengo jardunaldian.

Parte hartzeko, gutun bidez bidali beharko dira lanak. Parte-hartzaileek irabazi ditzaketen sariak, bestalde, hiru dira. Lehenengoa, 500 euro eta garaikurra. Bigarrena, 300 euro eta garaikurra. Hirugarren eta azkena bereganatutakoak, 100 euro eta garaikurra eskuratuko ditu.

Kantu herrikoietatik erlijiosoetara

Joseba Gotzon antolatzaileak azaldutakoaren arabera, hiru taldek hartuko dute parte azaroaren 22tik 24rako jaialdian. Hurrengo egunerako, jaialdia ixteko, kalejira antolatu dute. Ostegunean, hilak 22, Santa Clara Kulturguneko 'Jatorki' taldeko lagunek ekingo diote lehiari. Hurrengo egunean, ostiralez, 'Enara' baionarrak izango dira oholtza gainean. Larunbatean, hilak 24, jaialdiko une «berezienetarikoa» biziko dute, Gotzonek adierazi duenez, Florentziako otxote taldea izango delako Portugaleten. Santa Maria elizako 'Tempus Floridum' abesbatza da bertaratuko dena.

Otxoteek musika erlijiosoa kanta dezakete, baina ez ziren musika erlijiosoko talde modura sortu. Hasiera batean, kultura ondasunean abesti herrikoiak kantatzen zituzten, euskaraz eta gaztelaniaz. Geroago, eliz kantak hasi ziren abesten. 1960 inguruan oso ezagunak bilakatu ziren taldeok Euskal Herri osoan, jai eta ospakizunetan batez ere. Euskal Autonomia Erkidegoan izandako arrakastaz gain, Kantabria eta Miranda de Ebron ere entzute handia zuten otxoteek, eta jaialdiak antolatzera heldu ziren. Egun, nazioartean ezaguna da kantu-mota hau. Tenoreak, baritonoak eta ahots baxuak izan ohi zituzten taldekideek, eta horrek eta espazio publikoen garaiko antolakuntzak, koral hauetan emakumeak sartu ziana oztopatu zuen. Horregatik, aurtengo edizioa emakumezko otxote taldeei eskaintzea erabaki zuten antolatzaileek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos