https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ivo Pogorelich piano-jotzailearen errezitaldia, ostegunean, Principal Antzokian

Ivo Pogorelich piano-jotzailea./
Ivo Pogorelich piano-jotzailea.

Kontzertua 20:30ean hasiko da eta egitarauaren barruan, Mozart, Liszt eta Schumannen lanak joko ditu

PAUL PICADO

Igo Pogorelich piano-jotzailearen errezitaldia izango da ostegunean, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertua 20:30ean hasiko da eta gutxi gorabehera ordubete eta erdi iraungo du emanaldiak. Joko dituen lanen artean, Mozart, Liszt eta Schumannen lanak izango dira. Kontzerturako sarrerak erosi nahi izanez gero, hemen egin daiteke, 18 eta 32 euro artean.

Pogorelich piano-jotzaile kroaziarra da. Zazpi urterekin hasi zen pianoa ikasten, eta hamabirekin Moskura bizitzera joan bere familiarekin. Han, Musika Eskola Zentralean ikasi zuen eta Moskuko Chaikovski Kontserbatorioan titulua eskuratu zuten. Berehala hasi zen sariak irabazten, izan ere, 1978. urtean Italiako Casagrande Lehiaketa irabazi zuen, eta 1980. urtean Montrealgo Nazioarteko Musika Lehiaketa.

Bere lehen errezitaldia 1981. urtean eman zuen, New Yorkeko Carnegie Hall kontzertu-aretoan, eta urte berean Londresen ere debuta egin zuen. Harrezkero zenbait kontzertu eman ditu bakarlari gisa, eta munduko orkestrarik onenekin ere aritu da, hala nola Bostongo Orkestra Sinfonikoarekin, Londresko Orkestra Sinfonikoarekin, Chicagoko Orkestra Sinfonikoarekin, Vienako Orkestra Filarmonikoarekin, Berlingo Orkestra Sinfonikoarekin eta Parisko Orkestrarekin.

Bestalde, 1986. urtean, fundazio bat sortu zuen Kroazian, artista gazteei ikasten laguntzeko, eta horri esker, 1989. urtetik antolatzen den Ivo Pogorelich izeneko jaialdiak artista gazteei parte hartzeko aukera ematen die, jendeak ezagun ditzan.

Maiatzaren 23ko kontzertuan lan hauek joko ditu: Mozarten adagioa si minorrean, KV 540; Franz Liszten pianorako sonata si minorrean, S. 178; Robert Shumannen estudio sinfonikoak, op. 13, hil ondoren bariazioak barne, eta Hil ondorengo bostak.