https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Poetaren ibilbidea

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Xabier Leteren liburuetan ez ezik bere diskoetan ere agertzen diren testuak erabili ditu Koldo Izagirrek liburu hau osatzeko

JAVIER ROJO

Ia zortzi urte pasatu dira Xabier Lete hil denetik, eta bere figura gogoratzeko, Koldo Izagirrek paratutako antologia argitaratu da: 'Elurra ikusi dut'. Antologia egiteko, Izagirrek hari kronologikoa hartu du kontuan eta Xabier Leteren liburuetan ez ezik bere diskoetan ere agertzen diren testuak erabili ditu liburu hau osatzeko. Izan ere, Leteren kasuan biak ala biak (idatzizko testuak, bere ahotsean entzundakoak) maila berean kokaturik agertzen dira irakurle-entzuleen memorian. Hari kronologikoa erabiltzen bada ere, gaika irakurtzeko aukera ere ematen da poema bakoitzaren aurrean agertzen diren beste testuei buruzko aipamenak direla medio. Irakurketa, beraz, edozein puntutan hasi daiteke, gida moduko horien bidez idazlearen gai errekurrenteetan zeharreko bidaia bihurturik.

Lana bikaina, Izagirrek egin duena, epilogo eta guzti, non alderdi ilunagoak (beste poeta batzuen 'oihartzunak', alegia) baztertzen ez diren. Leteren obra ezagutzen dutenek ia kronika sentimentala izango balitz bezala errepasatu dezakete idazlearen literatur ibilbidea liburu honen bidez. Izan ere, belaunaldi bateko jendearentzat, bizitzaren aurrean aurkitutako euskarria izan zen poeta. 60ko hamarkadan gazte ziren horiek bidelaguna aurkitu zuten Leterengan, idazle honen testuetan beren sentimenduak eta bizipenak islatuta aurkitu zituzten. Beste hitzetan esanda, belaunaldi horren ordezkaria izan zen Xabier Lete. Bere poesian hainbat gai aurkitzen ditugu: Bizi nahi duen herriaren aldarria, zapalduaren aldeko begirada xamurra, inkonformismoa, heriotzaren aurreko jarrera… Gai askok existentzialismoan dute oinarria, arlo soziala ahaztu gabe. Denbora pasatu ahala, heriotza balizkoa izateari uzten dion heinean, poemetan aurkitzen diren kezkek kutsu erlijiosoaren aztarnak hartzen dituzte. Gizakia izan zen poetaren kezka nagusia eta gizakiari dagozkion alderdi esentzialak plazaratzen ditu.

Kronika sentimental moduan irakur daiteke liburu hau, eta alde honetatik begiratuta, gure ingurua zenbat aldatu den ere kontuan hartu behar da. Idazlearen kezkak unibertsalak ziren, baina bere testuak garai bati oso lotuta begitantzen dira gaur egun.

Elurra ikusi dut

Olerkiak Egilea:
Xabier Lete.
Argitaletxea:
Elkar Donostia, 2017304 orr. 21 euro (epub: 12,34 euro)

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos