Ekainaren 5ean, orain dela gutxi, Chillida-leku deitzen den toki zoragarrian, Chillida artistaren eskuek egindako lanak haren arimak behar zuen bakearen baitan bildu eta elkar besarkatzen hasten diren zelai berdean Víctor Gómez Pinek hitzaldi eder bat eman zigun, poesia eta Chillida, biak uztartuz.
Publicidad
Eguraldi ederra irten zuen; eguzkiak, oso nabarmen ez bazen ere, itzulia egin zuen ekialdetik mendebalderaino; eta belarra, ebaki berri, distiratsu ageri zen. Poesia geneukalako buruan, batzuetan jira eta besteetan buelta, ez ginen ohartzen, handik gertu, zuhaitz mardulen lerroak estalia, autobidea igarotzen dela, eta zarata, batzuetan, entzungarri ez ezik, molestagarri ere badela. Baina, jakina, edertasunez inguraturik egonagatik, ez genion garrantzirik eman. 'Carpe Diem', esan genion geure buruari: ez galdu egun zoragarriak ematen dizun aukera, barruko aberastasuna gizenduko zaizu eta ikusten ez diren ondasunak, ez baitira materiazkoak, txukun gordeko dituzu. Izan ere, badago Horazio poetak topiko bihurtu duen esaldi horretan gaurko garaira ekartzen gaituen baieztapena. Bizitza oparia da, eta onartu beharra dago, den bezala.
Autobideak eta errepideak giza adimenaren fruitu dira; baita Chillidaren eskulturak eta Rilkeren poemak ere. Bakoitzak bere xedea du. Autobideak gure gorputza eta bere atalak batetik bestera eramaten ditu eta ibilbidea erosoa egiten zaigu. Eskulturak arimaren autobideak dira; poesia, ordea, gurdibide, poliki-poliki egiten baitu bere ibilia. Arteak ibilbidea erosoa baino gehiago, erasorik gabea izan dadin laguntzen digu. Artearen seme-alabak gara, artea gure haziak sortutako landarea den bezain. Artea gara, eta artea ezin da gu gabe ulertu. Artea ez da ezer gizakirik gabe.
Irudipena daukat herio-beldurrak sortu zuela erlijioa, eta harekin batera, poesia etorri zela gizakiei laguntzera. Ez da kontsolamendu soila: denok baitakigu hilkor garela; eta, lehenago edo geroxeago, gureak egingo duela; ez garela hazitarako geratuko; eta besteek guregandik jaso dezaketena izango dela gure ondaretxo bakarra. Asko ala gutxi izango ote den, ezin jakin. Erakusbide ere bada.
Gomez Pinek hitzaldira ekarri zuen Parmenidesen poema. 'De Rerum Natura' poema filosofikoa da: filosofia poesiaren erara azaldua. Poesiak, zer esanik ez, garai hartan gaur egun hartzen dituen esparru handiagoak zeuzkan mendean. Parmenidesen kasuan ez ziren poesia eta filosofia bereizten. Biak puntu batean bildu ziren, ezagutzak bere sustraiak lurrean jartzen dituen eta arrazoimena eta zentzumenak elkartzen diren gunean hain zuzen. Ederra da Parmenidesen poema, eta, ospetsua izan arren, ez da oso ezaguna. Parmenidesek izu guztiak uxatu nahi zituen, bizitza gizakiarenak, eta ez jainkoenak, ziren lege eta usadioen arabera jarriz. Arrazoimena iritziaren aurka; iritzia txori hegalariaren antzekoa baita, tokirik gorenean pausatzen da, eta ikusgarria izateko joera du. Baina Parmenidesekin batera aipatu behar da Lukrezio, poeta eta filosofoa bera ere. Hexametro latinoetan idatzi zuen 'De Rerum Natura' hark ere, munduaren izaera adierazi nahian. Euskaraz irakurri nahi duenak badu itzulpena: 'Gauzen Izaeraz', Xabier Amurizak egina, edukiari eutsiz forma poetikoa saihesten badu ere. Iruditzen zait euskal munduan ez zaiola behar lukeen garrantzia eman poemari, paganoa delako seguru asko, materialismo malgu eta atseginaren eredu delako, ez dakit. Horazio eta Virgilio Lukrezioren irakurleak izan ziren, ozenki aitortzen ez badute ere.
Publicidad
Atera ginen hitzaldi areto bihurtua zen baserritik. Iluntasuna bere printzak zabaltzen hasia zen; belarrak ere, kutsatuta bezala, kolore sendoagoa hartua zuen, arreagoa. Orduan etorri zitzaizkidan burura 'Beatus Ille' poemaren bertsorik ezagunenak, hasierakoak: «Dohatsua, bere kezkak alde batera utzita, bere lurrak lantzen dituena». Poetaren hazkurria adimena da, eta bere lurrak dira bere aurretik igaro diren poeta guztien bertsoek goldatutakoak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión