Etortzekoa zen, begi-bistan zegoen, adi zegoenak bazekien helduko zela: emakume poeten antologia. Berlinen bizi den, eta urruntasunak ematen duen bertutearekin, Izaskun Gracia Quintanak 'Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko. 'Antologia poetikoa' liburua argitaratu du, sendoa dena (lurra) eta iheskorra dena (dardara) bilduz. Izaskun Gracia Quintanak emakume idazleen lirikaren historia azaldu du poesia soilik argitaratzeko ausardiaz sortu zen Balea Zuria argitaletxearen eskutik.
Antologia egileak 2014an argitaratu zuen RIEV aldizkarian 'Euskal poesia berria. 2001-2011' artikulua luzea, gaurko euskal poesiaz, XXI. mendeko lirikaz egin den lanik interesgarriena eta aberatsena. Zoritxarrez ez zuen behar bezalako zabalkunderik izan, eta pena da, zeren lanak zorrotz deskribatzen ditu aipaturiko epean liburu bi baino gehiago argitaratu dituzten poeten lanak. Hamaika poetaren liburuak aztertu zituen eta bakarra zen emakumea, hain zuzen ere, Leire Bilbao, gaurko antologia ixten duen idazlea. Hor ditugu adibidez, Jon Benito, Angel Erro, Jon Gerediaga, Aritz Gorrotxategi, Mikel Peruarena Ansa. Artikulua aurrera eramateko garaiko prentsa kritika hustu zuen lan eskerga batean.
Esku trebatua du Gracia Quintanak egin duen lana burutzeko. Lehen lerroetatik garbi utzi du zein den bere eginbeharra: «Hau da, bilduma honen zereginik garrantzitsuena ez da kanon bat ezartzea, baizik eta proposamen sorta bat eskaintzea, irakurleari bildumako idazleek duten hizketaldia ezagutzeko gonbidapena egitea». Dena dela aitortzen du: «Oro har, erronkarik handiena zenbat (eta zein) partaide izango duen erabakitzea da».
Hautapena kanonikoa (eta nahi bada historikoa) izan dela aitortu beharko genuke. Amaia Lasarekin (1948) hasten da antologia, eta horretan ez dago ezusteko handirik. Ondoren, euskal poesian traiektoria luzea izan duten emakumeak datoz: Itxaro Borda (1959) Tere Irastortza (1961) eta Amaia Iturbide (1961). Aukera hori ere oso logikoa dirudi, hain zuzen ere, euskal poesiaren paisaiari alde desberdinetatik begiratu dioten lanak eskaini dituzte hirurek. Beste ate bat zabaldu da 1962-1963ko euskal idazleen 'baby boom'eko ikurra osatu duen Miren Agur Meaberekin. Antologiako aukera aldatu egin da Aintzane Galardi (1969) aipatuz, eta horretan arriskua hartuz. Ba zen ordua bere lana sarien bidez eta oihartzun handirik gabe egin duen poeta honen liburuak estimatzen hasteko! Ondoren, berriro ezusteko gutxi: Castillo Suarez (1976) eta Leire Bilbao (1979), aukera 80 hamarkadaren puntuan bukatzen delarik. Beraz, konturatu gabe, baina antologia kanoniko bihurtu da. Eta ez da horretan faltarik, egon beharrekoak badaude, eta gainera, beste norbaitek egingo balu beste antologiarik, zaila izango du daudenak kontuan ez hartzea, nahiz eta inoiz azaldu dudan badirela poetak aspaldi (2011tik hona) lanik argitaratu gabe dabiltzanak.
Izenak alde batera utziz, beste kontu bat da antologiaren tonuaren bilaketa, eta horretan aitortu behar azartua izan dela poema argitaragabeak plazara ematea.
Aipagarria da, beste alor batean, hitzaurrean idazle bakoitzaren isla egiteko Gracia Quintanak erakutsi duen trebezia. Leire Bilbaorengandik hasita, bere ohar inpresionistak zentzuz jantzita daude, eta zuzen eman dizkio irakurleari idazle bakoitzaren ahotsa gozatzeko pistak.