https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Poesia idaztea beti da ene barneko korapiloak askatzeko modu bat»

Ainara Maia eta Mattin, 'Muxuak' poesia-lan ilustratuaren egileak./E.C.
Ainara Maia eta Mattin, 'Muxuak' poesia-lan ilustratuaren egileak. / E.C.

Ainara Maia poetak eta Iñaki Martiarena 'Mattin' marrazkilariak 'Muxuak' poesia bilduma ilustratua eman dute argitara

IRAITZ URKULO

Ainara Maiak (Irun, 1976) amodioari buruzko olerkigintzan dihardu beti. Hala izan zen haren literatura-ibilbideari hasiera eman zion 'Chansons d'amour, ilargi beterik gabeko gauak' poesia-lanaren kasuan (Maiatz, 2013), eta maitasunaren gaia aukeratu du 'Muxuak' olerki bilduma berrian ere (Zortziko, 2018).

Obrak muxu mota ezberdinen inguruko hogeita lau poema labur biltzen ditu, den-denak Iñaki Martiarena 'Mattin' marrazkilariaren (Donostia, 1967) irudi koloretsuez jantziak. Pasioz beterikoak dira bai olerkiak bai ilustrazioak, kartsuak, suharrak... zuzenean bihotzetik sortutakoak biak ala biak.

-Olerkiak ematen omen dizu hatsa. Nola da hori?

-Ainara Maia: Ene barneko korapiloa desegiten laguntzen didan bidea izan dut beti idatzizkoa, olerkigintza. Eta duela ia hogei urte Hatsaren Poesiak eman zidan, Senperen, lehen aldiz aukera ene olerki batzuk argitaratzeko. Ene hatsaren poesia edo benetako sentimenduak idazten ditut, ene maiteminak eta biziminak.

-Muxuen inguruko poema bilduma hau duela hamar urte jaio zen.

-A.M.: UNEDeko Idazle Eskolako graduondokoaren azken ikasturtean, 2008an, idatzi nituen graduondoko amaierako bekarako, baina bertan gelditu ziren eta ez nuen horiek argitaratzeko aukerarik izan. Duela bi urte, 2016ko udazkenean, Iñaki Martiarena 'Mattin' adiskideari bidali nizkion olerki horiek, hark eskatuta, eta, irakurri zituelarik, inspiratu zen eta olerki bakoitzeko marrazki bat egin zuen.

-Une horretan, proiektua argitara ematea erabaki zenuen. Zergatik?

-A.M.: 'Mattin' marrazkilari eta komikilariak nire muxuen gaineko poemak ilustratu zituenean, ilusioz bete ninduen. Orduan, marrazki horiek olerkiak janzten eta edertzen zutela ikusita, lankidetza-egitasmo hori argitaratzeko erabakia hartu nuen.

-Argitaratu aurretik, ordea, proiektuak ibilbide luzea egin du, errezitaldi musikatuak eta erakusketak tarteko.

-A.M.: 'Muxuak' olerki-liburu ilustratua argitaratu beharra sentiturik, 2017ko otsailean, Donostian errezitaldi musikatu bat antolatu nuen Mattin komikilariarekin eta Pottoka Amaiurko kantari ezagunarekin batera. Ondoren, 2017ko martxoan, Irungo AEKren eskutik, Korrika zela-eta beste errezitaldi bat eskaini genuen. Eta 2017ko abuztuan, Senpereko Larraldean, Hats-Arte hilabete artistikoaren barruan, beste errezitaldi txiki bat eman genuen. Errezitaldi horiek eginda, hainbat argitaletxeren ateak jo nituen, eta azkenean Angeluko Zortziko argitaletxeak lana kaleratzeko gogoa adierazi zidan 2018. urtearen hasieran.

-Zenbat muxu mota daude liburuan?

-A.M.: Hogeita lau muxu desberdin dira, eta sentipen eta sentimendu desberdinak adierazten dituzte.

-Zentzumenak pizteko poesia da zurea? Ala zentzumenak piztuta irakurtzekoa?

-A.M.: Zentzumen eta sentimendu osoz irakurtzeko poesia dela uste dut.

«Liburu honetako olerkiek neguko eguzkiaren epeltasuna dakarte»

Hitzen kolorea

-Zuk beste bizi bat eman diezu poemei, Mattin.

-Iñaki Martiarena: Erronka handia izan da, poesiari irudia jartzea ez baita erraza.

-Zein izan da zure asmoa, Ainararen hitzak apaindu ala poemak osatu eta aberastu?

-I.M.: Kezka nagusia haren hitza ez oztopatzea izan da. Zubi bat eraiki dugu Ainara eta biok, irudiaren eta hitzaren artean.

-Zure iritziz, Ainara, zer eransten diete Mattinen irudiek zure poemei?

-A.M.: Marrazkiak olerkien osagarri gisa ikusten ditut. Beste kolore bat ematen diete ene hitzei.

-Nola egiten da jauzi hitzetatik iruditara?

-A.M.: Irudiak ene hitzen eta olerkien interpretazioak dira, sentituak eta bihotzetik sortuak. Olerki baten ondoren marrazkia ageri da, eta, horrela irakurri ahala, marrazkia ikus eta senti daiteke.

-Zelako marrazkiak dira zureak, Mattin? Nola definituko zenituzke?

-I.M.: Publikoari dagokio horri erantzutea, nire ustez. Esperimentazioari lekua egin diot, eta saiatu naiz, batez ere, gozatzen. Une batzuetan ardurak blokeatu nau akaso, baina hori gainditu dudala uste dut, publikoaren harrera oso ona izan baita.

-Koloreen erabilerak badu logika jakinik?

-I.M.: Nire jatorria marrazkia da, eta ahalegindu naiz azken urteetan koloreari garrantzi handiagoa ematen eta, bistan denez, ikasten: paleta asko zaindu dut, oreka bat bilatzen saiatu naiz. Erabaki zailena urmargoz ala ordenagailuz egitea izan da. Hasieran urmargoz eginak nituen marrazki batzuk, baina azkenean ordenagailuan egin ditut, koloreak indar handia izan dezan. Beharbada, marrazkilari izatetik margolari izaterako jauzia egon daiteke hor.

«Zentzumen eta sentimendu osoz irakurtzeko poesia da hauxe»

Poeta jostalaria

-Irudiez harago, poemen tipografia eta horien kokapena orrialdeetan ere guztiz ezohikoa da. Alderdi horiekin jolastu zarete?

-A.M.: Poemen tipografiaren eta horiek orrialdean duten kokapenaren atzean Zortziko argitaletxearen editorearen (Christian Velez) eskua eta artea daude, eta haren asmoa poema-liburu ilustratu honi modernotasuna eta freskotasuna ematea izan da. Lortu duela uste dut, oso liburu ederra iruditzen baitzait eta, horregatik, esker oneko natzaio; baita Mattini ere, noski.

-Zure ustez, Mattin, zertan datza Ainararen sentiberatasun berezia?

-I.M.: Bihotzetik idazten duelako atsegin ditut haren olerkiak. Hizkuntza menderatzen duela ere bistakoa da. Neguko eguzkiaren epeltasuna dakar haren poesiak.

-Obra honetan zure sentimenduak askatu ondoren, zeure buruarekiko bakea aurkitu duzu?

-A.M.: Duela hamar urte nire sentimenduak askatu nituen, eta horiek kanporatze hutsak lasaitu ninduen. Niretzat poesia idaztea beti da ene barneko korapiloak askatzeko modu bat, beste aterabiderik ezean.

-Baduzu beste poesia-lanik edo bestelako proiekturik esku artean?

-A.M.: Baditut jadanik bi poema bilduma bukaturik, eta bai, argitaratu nahi nuke baten bat nolabait ere. Mattinekin egindako lankidetza artistiko hau oso polita izan da, eta gustuko dut haren sentiberatasuna; aurrerago ez dut baztertzen harekin beste lanen bat egitea.

-Eta zu, Mattin, zertan ari zara une honetan?

-I.M.: 'Kamishibai' tankerako ipuin bat idazten eta marrazten ari naiz. Hendaiako (Lapurdi) Nekatoenean egonaldi bat burutu dut eta, beka bati esker, langintza horri emana naiz. Horrez gain, sormen- eta komiki-lantegiak eskaintzeko ere deitzen naute handik eta hemendik. Oso harrera ona dute lantegiek.

Temas

Euskera