https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Poesia esperimentaleko jaialdia Bilbora heltzear da

Poesia esperimentaleko jaialdia Bilbora heltzear da
Expoesia

Irailean zehar hainbat hitzaldi, erakusketa eta tailer egingo dituzte Foru Liburutegian

AMALIA IBARGUTXI

Bueltan da, bi urte eta gero, Poesia Esperimentaleko 'Expoesia' jaialdia. Biurtekoaren seigarren edizioa irailaren 17an hasiko da 'Manantial de Poesía' instalazioarekin. Javier Seco artistak muntatuko du, eta bertatik igarotzen diren oinezkoak «harrituta» utziko ditu, antolatzaileek aurreratu dutenez. Egun horretan bertan zabalduko dute, baita ere, 'Biblioteca incÖmpleta' erakusketa, eta urriaren 31ra arte bisitatu ahal izango da.

Bizkaiko Foru Liburutegian egingo dira ekintzok, foru erakundeak antolatuta. Juanje Sanzek koordinatuko ditu, eta hainbat gunetan garatuko dira, eraikin osoan zehar. 'Manantial de Poesía' delakoa liburutegiaren kanpoaldeko urmaelean, hilaren 17ko goizean bertan gertatuko da.

Arratsaldez, 18.30ean, Javier Secok performance interaktibo bat garatuko du ikusleekin batera, 'Poemas flotantes' izenekoa. Talde-ekintza horretan, parte-hartzaileek poesia egiteko aukera izango dute, muntatuko den argitalpen esperimental baten sorreran modu aktiboan lan eginez. Ondoren, argitalpen hori Foru Liburutegiko areto nagusiko erakusketan jarriko dute ikusgai.

Jarraian, 19.00etan Mary Zurbanok 'Musgo-ceniza-musgo' performance antzeztua egingo du, eta jardunaldiari amaiera emateko, Mikel Inuntziaga 'Inun'-en emanaldia izango da 19.30etik aurrera. Liburutegiko areto nagusiraino lagunduko die bisitariei bere musikarekin, 'Biblioteca incÖmpleta' erakusketa ikusteko aukera daukaten bitartean.

Hilabete osoz

Erakusketa hori urriaren 31ra arte bisitatu ahal izango da. Ex!poesía Biurtekoaren funtsak 800dik gora argitalpen ditu bilduta. Horien artean, besteak beste, fanzineak, orriak, esku-paperak, katalogoak eta pleguak. Erakusketaz gain, hitzaldia eta tailerrak ere antolatu dituzte. Aurreikusitako hitzaldi eta tailerren artean dago, adibidez, 'La más bella: aldizkari esperimentalak sortzeko tailerra', hilaren 18 eta 19an egingo dutena.

Fanzine, aldizkari eta objektu-liburuen tankerako formatuen argitalpenean sakontzeko tailerra ere prestatu dute. 'La más bella' aldizkariaren edizio berezi eta mugatu bat egingo da, «non ikasleak editorekide, kolaboratzaile, sortzaile eta konplize izango diren».

Irailaren 20 eta 21ean, bestalde, parte-hartzaileek euren artista-liburuak sortzen hasi ahal izateko tresnak eskuratuko dituzte liburu propioak sortuz. Azkenik, hilaren 25ean, Jaio de la Puerta Ruedak (A fortiori) eta Garikoiz Fragak (Belleza infinita) arte-edizioari eta edizio independenteari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Hurrengo egunean, irailaren 26an, artista-liburua aztertuko dute Luis Barrios eta Dora Salazarek.Gaztelaniaz burutuko dituzte ekintza guztiak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos