https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Poema audiobisual kaleidoskopikoa

Artiumek 'Carmen/Shakespeare' aurkeztu du. / I. ONANDIA
Artiumek 'Carmen/Shakespeare' aurkeztu du. / I. ONANDIA

Francisco Ruiz de Infante eta Olga Mesa artisten elkarlanaren fruitu, Gasteizko Artiumek Carmen/Shakespeare erakusketa-proiektu labirintikoa aurkeztu du

MIKEL ONANDIA GARATE

Arte garaikidearen baitan aspaldi diluitu ziren arte objektualaren, errepresentazioaren eta edertasunaren kontzepzioak, eta jada badira urte batzuk ohikoak direla gure museo eta arte aretoetan, ikuslearengan esperientzia singular bat sorrarazteko helburuarekin, berariaz espazio horietarako osatutako ('site-specific') instalazioak aurkitzea, diziplina artistiko tradizionalen arteko bereizketa difuminatua eta gehiago edo gutxiago bisitariaren parte hartzea eskatzen dutenak.

Egiaz, artelanaren edo praktika artistikoaren tipologiak baino, dena delakoa izanda ere horrek ikuslearen konbentzioak zalantzan jartzeko, hunkitzeko eta bere mundu ikuskera osatzeko balio duen heinean du interesa proposamen artistiko batek, eta hala ulertu behar dugu Artiumek aurkeztu duen 'Carmen/Shakespeare' erakusketa-proiektua, sailkatzen zaila eta hotz uzten ez zaituen horietakoa.

Francisco Ruiz de Infante (Gasteiz, 1966) eta Olga Mesak (Avilés, 1962) 2006an Estrasburgon bat egin eta 'Hors Champs/ Eremutik Kanpo' elkartea sortu zuten, orotariko mintzaira artistikoak –literatura, arte plastikoak, musika, dantza, kultura popularra, teknologia– bildu, elkar lotu eta garatzeko helburuarekin. Ordutik hainbat proiektu gauzatu dituzte batera, horien artean 2012an hasi zuten 'Carmen/Shakespeare', denboran luzatu eta pertsonen arteko maitasun erlazio orotan gertatzen diren etapa ezberdinetan garatu dena: 1) sedukzioa; 2) gatazka; 3) deriba, eta azkenik, 4) heriotza.

«Arte plastikoen tradiziotik dator Ruiz de Infante eta, Mesa, dantzatik»

Gasteizko Artiumen, mostra erraldoi eta labirintiko baten forma hartu du proiektuak. Bertan, bideoak, argazkiak, orotariko aparatu teknologikoak darabiltzate, instalazio erraldoi bat bailitzan; fikziozko pertsonaia bat (Carmen) eta egiazko bat (Shakespeare) 'leitmotiv' gisa hartuta, amodioari, eta honen irudikapen, plasmazio eta bariante ezberdinei buruz dihardute, hala nola, desioa, konfiantza, fideltasuna, sedukzioa, askatasuna, boterea, edota heriotza, horien arteko mugak sekula argiak ez direla agerira ekarriz. Azken ideia hau artistek antolatu eta paraleloki gauzatzen diren 'performance' eta hitzaldi performatiboekin argi geratzen da.

Desordenatuak baina konektatuta dauden lau espaziotan antolaturik dago gunea, hain justu aipatu proiektuaren lau faseekin bat, horietako bakoitza instalazio zentral nagusi baten inguruan antolatutako antena ezberdinekin. Arte plastikoen tradiziotik dator Francisco Ruiz de Infante, eta dantzatik eta koreografiatik, Olga Mesa, eta haien bien erakusketa kaleidoskopikoan, bisitariak ikusiko duena bezainbat interesatzen zaie artista bioi erakusketaren espazioan bisitaria nola mugituko den, egiazko elkarreragin bat bezala planteatuta baitago.

Lurralde misteriotsua

Barruan galtzeko eta eramana izateko lurralde misteriotsua da, zeinean Shakespeareren maitasun sonetoekin bat, hots eta musikak entzuten diren, Bizeten 'Carmen' operaren zatiak –esplizituak ala mozorrotuak, kakofonia batean diluituak– etengabe presente direlarik, hauek orotariko tramankulu, traste, aparatu, erresistentzia, funtzionatzen duten haizagailu, aizto, atzerako ispilu, horien isla, kaiola, eta etengabeko argi-itzalen eta mugimendu fikzionatu eta errealen baitan. Ez dira falta begi-niniaren erresistentzian oinarritutako bideoak, akats informatiko sinkronizatuak, zenbakiak, erlojuak, guztiak ere –modu libre eta anbiguoan sarri– denboraren iragatea, memoria eta ume garaiko gomutak hizpide dituztela. Era berean, espazioen ikuspegi multipleak eta gizakiaren gorputz fisikoaren eskala ere presente dago, ez bakarrik errepresentazio bidez, aktiboki baizik, jolas bat bailitzan, martxan diren soinu eta argi infragorriekin, adibidez.

Carmen/Shakespearen erakusketan badira atentzioa ematen duten beste elementu batzuk: guztiz osatu gabeko murruak, prozesu kreatiboak antzematea ahalbidetzen dutenak, adibidez, pasatu beharreko ateak –egiaz zaila museo bateko erakusketa batean aurkitzea–, edota pareta gardenak, plastikoak, kristalak, eta beste aldea agerira ekartzeaz batera zure burua islatzen duten leihoak. Zentzu honetan, erakusketa ezegonkorra, amaitu gabekoa da, sorkuntza betean ari den zatikatutako poema audiobisual handi bat bailitzan, orotariko gainjartzeekin.

Era berean, testua, irudia eta soinua hibridatzen duen muntatze espositiboan indizio eta pista ezberdin ugariko enigmak aurkituko ditu bisitariak. Ikuspegi hierarkikoen eta osatzen doan fikzio baten konstrukzioaren baitan deskubritu beharreko txoko eta bazter, areto gorri eta begiratzen gaituzten kamerek zera garamatzate, gertatu diren, gertatu behar diren, edo gertatu daitezkeenen arteko kausa-efektuen izanaz galdegitera eta gure pertzepzioak kuestionatzera.

Hala, puntu gorri edo argi ugariak bezalako hari fisiko eta teknikoekin batera hari kontzeptualak dezifratu beharko ditu bisitariak osagai ugarien artean, bai datozen eta doazen baju jarraietan arreta jarriz, bai proiektore eta kableei –metaforikoki– tira eginez.

Itxuraz ausazkoak diruditen objektuen atzean azaldu ezin den hizkuntza bat identifikatzen dugu, zentzu bat igarri baina esangura ezagutzen ez dugun lengoaia bat, geruzaz geruza, panpina errusiarrak bezala, asmatzen edo deskubritzen joan daitezkeenak, horietako asko sekula ulertuko ez ditugula jakinda ere, bisita gehiago eskatzen duen erakusketan. 'Carmen/Shakespeare' maiatzaren lehena arte dago Artiumen ikusgai, eta hurrengo hileetan Madrileko Tabacaleran aurkeztuko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos