Urgente En directo, Bilbao Basket-Gran Canaria

«Pobreziaren aurkako gure programetako lau familiatatik batek lana galdu du pandemiagatik»

Gobernuz kanpoko erakundean artatutako familien % 19,1ean, heldu batek edo gehiagok lana galdu dute, modu iraunkorrean, eta familien % 7,1ean, heldu batek edo gehiagok aldi baterako galdu dute lana

Save The Children

Miércoles, 10 de marzo 2021, 21:05

Espainian pandemian sortu zenetik urtebete iragan den honetan, Save the Childrenetik 'COVID-19aren urteurrena: zer diote familiek?' txostena argitaratu dugu; hainbat autonomia-erkidegotan artatzen ditugun familia zaurgarrien artetik 1.290 familiari elkarrizketa egin diegu, azken urte honetan COVID-19ak eragindako osasun-krisiak eta krisi ekonomikoak nola eragin dien jakiteko. Euskadiren kasuan, Barakaldoko, Bilboko eta Gasteizko 141 familiak eman dizkigute datuak.

Publicidad

Erakundetik, 'La ola invisible' ('Olatu ikusezina') kanpaina kaleratzearekin batera, inkestaren emaitzak argitaratu ditugu gaur, eta pandemiaren aurretik ere pobrezian bizi ziren familiengan krisi ekonomikoak eta gizarte-krisiak izan dituzten eraginak agerian jarri nahi izan ditugu. Horrez gain, Estatuko talde politikoei eta erakundeei dokumentu bat bidali diegu: 'Gainditu dezagun erabat ohiko bihurtu den haurren pobrezia'. Dokumentu horretan, estatuan pandemiaren ondorioei heltzeko beharrezkoak jotzen ditugun proposamen politikoak biltzen dira, batetik, eta bestetik, zenbait bide proposatzen dira, gaur egun lantzen ari diren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planekin doitzeko proposamen horiek.

Ikerketaren emaitza nagusietako bat da pandemiak bat-batean desagerrarazi dituela zenbait lan, aldi baterako nahiz modu iraunkorrean. Erakundeak Euskadin artatzen dituen gurasoen % 26,2k lana galdu du krisi ekonomikoaren eraginez; artatutako familien % 19,1ean, pertsona heldu batek edo gehiagok lana galdu dute modu iraunkorrean, eta familien % 7,1ean, heldu batek edo gehiagok aldi baterako galdu dute lana.

Enplegua galtzeak nabarmen murriztu ditu familia-errentak, eta COVID-19aren krisiaren aurretik ere mugatuak ziren jada errenta horiek; horren guztiaren aurrean, familia askok zailtasun handiak dituzte beren etxebizitzaren kostuei aurre egiteko edota oinarrizko hornigaiak ordaintzeko. Euskadin, Save the Childrenek artatzen dituen bi familiatatik batek zailtasunak izan ditu hipotekari edo alokairuari aurre egiteko, eta 10 familiatatik ia 7k arazoak izan ditu argindarra, berokuntza edo ura ordaintzeko.

Familia horietako askotan, ezin dute haragia, arraina edo baliokideren bat jan, bi egunean behin gutxienez, nahiz eta gomendio hori egiten duen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Euskadin Save the Childrenek artatutako familien % 22,7k astean behin edo bitan baino ezin ditu jan haragia, arraina edo horien baliokideak.

Publicidad

Familia askorentzat, Andoniren familiarentzat, esaterako, funtsezkoa da oinarrizko horniduren eta elikaduraren ordainketa: «Berogailuari dagokionez, egia da hotz handia egin duen egun horietan zeure buruari 'piztu edo ez piztu' planteatu behar diozula (…) Argindar faktura ordaintzen badut, zer utziko dut albora? Alabak utziko ditut janik gabe?», dio.

Save the Childrenetik ohartarazi dugu haur horien dieta elikagai-bankuetatik eta beste erakunde batzuetatik jasotzen duten janariaren mende dagoela askotan. Eskoletako jantokiak baliabide garrantzitsuak dira, familiek diotenez, beren seme-alabek asteko haragia, arraina edo baliokideak jaten dituztela bermatzeko.

Publicidad

COVID-19ak eragindako pandemiak eta itxialdiak, gainera, beldur sentimendua eta antsietate kolektiboa ere ekarri dituzte, eta kalte egiten diete horiek haurren eta nerabeen osasun fisikoari eta buru-osasunari, eta, nola ez, helduenari ere bai. Aita-amek emandako informazioaren arabera, Save the Childrenek artatzen dituen Euskadiko haurren % 40,7k aldaketa negatiboak pairatu ditu bere egoera emozionalean, pandemiaren ondorioz. Gehien aipatzen diren ondorio emozional eta psikologikoak estresa, urduritasuna, antsietatea eta beldurra dira.

Hezkuntzaren esparruan, Save the Children erakundetik adierazi dugu Euskadin artatzen ditugun familietako haurren % 43,6k ez duela jaso aparteko hezkuntza-arretarik aurtengo ikasturtean (2020-2021), eta % 22 motibaziorik gabe sentitzen dela ikasketetan; eskolara joateko gogo gutxiago erakutsi baitute. Beraz, gogora ekarri dugu Espainiak pandemia aurretik Europar Batasuneko tasarik altuena zuela eskola garaia baino lehen uzten duten ikasleei dagokienez (% 17,3), eta egoera honek ehuneko hori izugarri handitzea eragin dezakeela ere bai.

Publicidad

Garbi ikusi da, halaber, COVID-19ak zer eragin izan duen, haurren familietako aisialdian, jarduera fisikoan eta etxe barruko nahiz kanpoko jolas garaietan izan diren eredu-aldaketetan. Euskadin bildutako datuen arabera, haurren % 72k astean 5 ordu baino gutxiago pasatzen ditu kanpoko jardueretan; gainera, haurren % 16,3 ia ez da irten ere egiten kalera edo aire zabalera. Areago, haurren % 84k ez du jarduera fisikorik egiten etxean.

Ikastetxeak, berdeguneak, parkeak eta lorategiak ixteak eta Euskadin eskola-kirola eten izanak eragin negatiboa izan dute 6 urtetik 16ra bitarteko haur eta nerabeengan, eta kalte egin diete haien osasun fisikoari eta ongizate emozionalari. Haurren eta nerabeen zenbait oinarrizko eskubide murriztea ekarri dute neurri horiek. Espazio horiek ixteak eragin handiagoa du egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden haurrengan; gainera, etxebizitzen ezaugarriak ere (tamaina, espazio irekirik gabe eta, zenbaitetan, beste familia batzuekin partekatuta) faktore erabakigarriak izan dira konfinamenduan.

Publicidad

Barne Produktu Gordina % 9,5 erori da Euskadin 2020an, eta, beraz, krisialdi latzenetan ere ikusi gabeko neurrietaraino egin du atzera; 2019an baino 15.000 pertsona gehiago daude lan gabe; 41.070 langile inguru daude aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten pean. Hori guztia kontuan hartuta, Save the Childrenek behin eta berriro dio larrialdi sozial betean jarraitzen dugula. Are gehiago, baldin eta kontuan hartzen badugu, Bizi Baldintzei buruzko Inkestak emandako datuen arabera, pandemia aurretik, 2019an, Euskadiko haurren % 26,7 pobrezia-arriskuan zegoela, 92.177 haur eta nerabe guztira; helduen biztanleriari dagokion tasa baino zazpi puntu gorago kokatzen da ehuneko hori.

«Badakigu koronabirusaren eragin ekonomikoak luze iraungo duela. Familia zaurgarrienei laguntzen ez bazaie, haurren gaineko inpaktua haien bizitza osora luzatu daiteke, eta arriskua dago belaunaldi oso bat atzean gelditzekoa. Larrialdiko neurriak hartu behar ditugu autonomia-erkidegoan, estatuan eta Europan, desorekak gutxitzeko, behar handienak dituzten familien pobrezia murrizteko eta haurren garapenari eta ongizateari horren larriki eragiten dien orban hau desagerrarazteko», adierazi du Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak.

Noticia Patrocinada

Haurren pobrezia desagerrarazteko proposamenak

Gero eta larriagoa den haurren pobreziaren arazoari heltzeko Save The Childrenetik proposatu ditugun neurrien artean, oinarri-oinarrizkoa da diru-sarrerak bermatzeko errenta eta horrelako prestazio sozialak eskuratzeko bideak bizkortzea eta erraztea, ahalik eta arinen eta errazen eskura ditzaten beharrean dauden pertsonek, are gehiago eten digitalaren eraginak jasaten dituzten kolektibo zaurgarrienen zailtasunak kontuan hartuta. Horrez gain, erreforma bat behar du DSBEk, gaur egun pobrezia-arriskuan egon arren prestazio horretan lekurik ez duten milaka familiei prestazio hori eskueran jartzeko; eta beren ardurapean seme-alabak dituzten familiei zuzentzen zaizkien zenbatekoak, guraso bakarreko familiei zuzendutakoak batez ere, handitu egin behar dira.

Ildo beretik, haurrak hazteko laguntza berri bat ezartzearen alde gaude erakundean, kontziliazio handiagoa sustatzeko eta diru-sarrera gutxiko umedun familia gehiagorengana iristeko, bizitzeko gutxieneko errentaren edota DSBEren onuretatik harago joz.

Publicidad

Halaber, garrantzitsua da aurrez aurreko hezkuntza bermatzen jarraitzea, eta hezkuntza-esparruko desorekei, batez ere eten digitalak eragindakoei, aurre egitera zuzentzen diren ekimen eta programak sustatzen jarraitzea. Horrez gain, ezinbestekoa da egoera sozioekonomiko zaurgarrienean dauden familietako ikasleei, hezkuntza-premia bereziak dituztenei edo ikasteko zailtasunak dituztenei batik bat, zuzentzen zaizkien laguntza, babesa eta errefortzua lehenestea. Zeregin hori ez dagokio soilik hezkuntzari, badagokio esparru psikosozialari ere.

Kirol-jarduerak eta aisialdikoak sustatzeko eskaera egiten dugu, konfinamenduak, 'pantallismoak' eta eskola-kirola egiteko ondorengo murrizketek ekarritako sedentarismoak osasunari egindako kalteei aurre egiteko, haurren eta nerabeen egunerokoan aisialdia txertatuz eta kirola segurtasun osoz egiteko eta beste haur batzuekin sozializatzeko espazio publikoetako sarbidea erraztuz. Eta pobrezia energetikoaren aurka borroka egiteko, besteak beste hornidura energetikoa eteteko debekua alarma-egoeraren indarralditik harago luzatzearen alde agertu gara.

Publicidad

Proposamen hauek guztiak errealistak direla uste dugu, eta Europar Batasuneko Suspertze Funtsen bidez egin daitezkeela ere bai. «Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planek haurrak barnean hartzen dituztela bermatu behar dugu, bai estatuan eta bai autonomia-erkidegoan, inor atzean gelditzen ez dela ziurtatzeko beharrezkoak diren inbertsio eta erreforma guztiak gauza daitezen», adierazi du Charo Arranzek.

Save the Children gure erakundeari buruz

Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan lider lekua betetzen duen erakunde independentea da Save the Children. Duela 100 urte baino lehenagotik ari gara lanean, haurrek bizirik jarrai dezaten, ikas dezaten eta babestuta bizi daitezen. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari gara lanean, eta, Euskadin, duela 15 urte baino lehenagotik gaude, hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori.

Publicidad

Espainian, duela 20 urtetik baino gehiagotik ari gara lanean, haur ahulenak artatzeko programekin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrak ardatz hartuta. Espainian ditugun programen bidez, arreta integrala eskaintzen diegu haurrei eta haien familiei, haurrek bizi duten egoera ekonomikoak edo gizarte-bazterketako egoerak ez diezaien eragotzi beren eskubideez erabat gozatzea eta beren gaitasun mailarik handiena lortu ahal izatea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad