Plastiko biodegradagarrien gabeziak eman dituzte ezagutzera
Nazioarteko azterketa esanguratsu baten arabera, «hauexek urte bat baino gehiago irauten dute batere degradatu gabe»
Unai Sarriugarte
Viernes, 2 de junio 2023, 16:44
Plastiko biodegradagarrien gabeziak eman ditu ezagutzera nazioarteko azterketa esanguratsu batek. Izan ere, gehien kontsumitu ohi diren bioplastikoak itsasoan nola degradatzen diren ikertu du zientzialari talde batek, eta ondorioztatu ahal izan dutenez, hauexek urte bat baino gehiago irauten dute batere degradatu gabe. Lan honen nondik-norakoak PLOSONE aldizkarian daude kontsultagai ingelesez, hemen.
Ondorio hauetara ailegatzeko orotara hamar ehun-mota aztertu zituzten: zuretik eratorritako zelulosaz egindako ehunak, kotoizkoak, PLA, azido polilaktikoaz eginak, petrolioan jatorria duten plastikoak (polietilenoa, polipropilenoa eta tereftalatoa) eta petroliotik eta zelulosatik etorritakoen nahasteak, besteak beste. Plastiko hauen kontsumoa nabarmena izan ohi da ehungintzan edota bilgarrietan, esaterako.
Ehunok itsasopean jarri zituen zientzialari taldeak, hamar metro inguruko sakonera batean eta frogok zazpi egunik behin ikertu zituzten. Hortaz, bertatik mahaigaineratu ahal izan dutenez, zelulosaz eta kotoiz egindakoak hilabete batean degradatu baziren ere, azido polilaktikoak, plastiko biodegradagarria deritzonak, ez zuen inongo degradaziorik sufritu esperimentuak iraun zuen 428 egunetan. Testuinguru berdinean zelulosa zuntz natural eta birsortuek biodegradazio osoa jasaten dute soilik 35 egunetan.
Plastikozko ehunek askotan ozeanoetan amaitzen dute, denbora kopuru zehaztugabean han metatuz eta itsasoko ekosistemei kalte eta toxikotasuna eragiten diete. Arazo honi irtenbide bat emateko material konpostagarri eta biodegradagarri asko garatu dira azken urteotan. Plastikook egoera industrial jakinetan degradagarriak izan daitezke. Baina, ikertzaileen esanetan, horrek ez du esan nahi ingurumenean, esparru indutrialetan duten efektu berbera izango ote dutenik.
Aztertzaileeek material bat biodegradagarria edo konpostagarria izendatzerako orduan, materialak ingurumenean nola degradatzen diren jakiteko ikerketak estandarizatzea aldarrikatzen dute, kondizio jakin batzuetan soilik degradagarriak izanagatik, ingurumena kutsatu baitezakete hauexek.
Plastiko biodegradagarriak organismo bizidunek karbono-iturri gisa erabiltzeko diseinatutak daude. Plastiko batzuk biooinarrituak dira, hau da, iturri berriztagarrietatik datozen lehengai organikoekin egiten dira, hala nola banana, yuca, zelulosa, azido laktikoaren kantitate handiak dituzten lekaleak, polisakaridoak, polilaktonak, polilaktidoak, soja-olioa eta patata-fekula.