https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

PLAGIOAK, BERTSIOAK ETA BORTXAKETAK

Radiohead 2012ko BBK Live jaialdian eskaini zuen kontzertuan./F. Gómez
Radiohead 2012ko BBK Live jaialdian eskaini zuen kontzertuan. / F. Gómez
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Oso komentatua izan da, zenbait hedabidetan, Xabier Leteren ustezko plagioa bere azkenetariko poema bilduma batean. Ia ezinezkoa dirudi Leteren tamainako autore batek horrelako zerbait egitea. Are eta gehiago Rainer M. Rilke eta Carles Riba autore ezagunen itzulpenak omen zirela jakin ondoren. Koldo Izagirreren, berriki Lete eta Rosalia de Castroren inguruko lan bat osatu duenaren adierazpenetan: «Bai, lehiaketa batera presentatu zen bereak ez ziren poema batzuekin, eta nik esan dezakedan neurrian, ez zen izan jolas literario bat (...) Lagungarria izango litzateke biografia pertsonala ezagutzea, ze egoeratan zegoen jakitea, soziologia pixka bat egitea... Pertsonen mugimenduak eta estropezuak ulertzeko, asko laguntzen du fokua zabaltzeak eta entornoa arakatzeak (...) Bai, plagioa egin zuen, baina inposturarik ez, bi gauza desberdin dira. Inpostura da ez dagokizun rol bat hartzea. Letek ez zuen hori egin. Arriskua hartu zuen, baina bere ildoan jarraitu zuen, aurreko liburuetan markatuta zegoen ildo existentzialistan».

Izan ere, ez litzateke lehenengo kasu harrigarria izango. Manuel Vázquez Montalban, Arturo Pérez Reverte, Lucía Etxebarria eta Camilo José Cela, besteak beste, kondenatu egin dituzte auzitegietan plagio salaketak direla medio.

Halako kasuak argitaratzen direnean ulergaitza egiten zaigu autorearen portaera ulertzea. Zelan jarri daiteke arriskuan astiro eta amorruz landutako ibilbide oso bat? Inori ez zaigu gustatzen gustuko ditugun autoreak halako egoeratan ikustea. Nahiago dugu pentsatzea tentazio puntuala izan zela eta horrelako zerbaitek ez duela euren lan osoa zikintzen, baina...

Musika munduan, afera infinituraino biderkatzen da. Esparru honetan are eta zailago dugu «inspirazioa»ren eta «kopia hutsa»ren arteko mugak ezberdintzea. Youtuben plagioen bila klikatuz gero, fonoteka erraldoi bat betetzeko moduko erantzuna lortuko duzu. Bitxia benetan Radiohead taldearen ‘Creep’ abestiarena. Thom Yorke-ren taldeak Lana del Rey-ri jarri dio auzia euren harribitxia kopiatzeagatik -ukaezina benetan-, baina eurek, bere garaian, epai baten ondorioz, partekatu egin behar izan zuten kantuaren autoretza, Hollyes taldeko Albert Hammond eta Mike Hazlewoodekin.

Zalapartatsu samarra izan da, baita ere, ‘Carmen’ operaren bertsio berriarekin egin dena. Bizeten libretoa aldatuz -eta bide batez Merimeéren eleberria ere aldatuz- Leo Muscato italiar zuzendariak argumentua aldatzea erabaki du, protagonista bere amorantearen hiltzaile bihurtuz. Era horretan mezuak ustezko bira feminista lortuko luke. Helburua lortu duen ala ez oso eztabaidatua izan da, feministen artean ere, baina lortu duen oihartzunak ez du eztabaidarik onartzen. Galdera da: legezkoa al da jatorrizko lan bat aldatzea bere ideologia aldatu nahian? Zilegi litzateke -adibidez- Victor Jararen kantuak Pinocheten aldeko bilakatzea edota Hitler juduen aldeko bihurtzea ‘Nire Borroka’ liburuan? Bukaera aldatzean, nire uste makalean, lan berri baten aurrean gaude. Oso antzekoa, baina berria, eta azkenean, bada plagio hutsa ere, ia bere osotasunean. Le Cirque Du Soleil-ek Beatles-en kantuak ‘Chill Out’ kutsuko moldaketekin argitaratu zituenean legez; ez dago horren argi benetako ekarpenik ote dakarten, baina etekinik, horixe bai.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos