Pirinioak Nafarroatik gelditu gabe zeharkatu dituen artzain baten erronka ikusgai, Aramaion
Emanaldia igande honetan izango da, 18.00etan, Kultura Etxean
Paul Picado
Ostirala, 18 ekaina 2021
Aritz Ganboa artzain nafarrak erronka bati ekin zion 2019ko urrian. Erronka zen berak egindako gazta bat Arruazutik Izabaraino eramatea, baina ez edonola, baizik eta motxila baten barruan, eta bidetik Pirinioak zeharkatuz. Guztira 160-170 km inguruko ibilbidea zen, eta helburua egun batean burutzea zen, urriaren 26tik 27ra bitartean. Bada horren inguruko dokumentala ere prestatu du eta horixe izango da hain zuzen ere igande honetan Aramaioko Kultura Etxean ikusgai izango dena, 18.00etan.
Baina erronka ez da hor gelditzen, helburua askoz ere zabalagoa bada; proiektua da azken batean. Aritzek Idiazabal jatorri-deiturako gaztak egiten ditu Arruazun, eta Izaban beste artzain batek egiten duen 'Erronkari' jatorri-deiturako gazta batekin trukatu nahi zuen. Horrenbestez, Idiazabal jatorri-deiturako eta 'Erronkari' jatorri-deiturako gazten berri ematea ere helburua zen.
Bestelako helburuak ere baziren nekazaritza eta abeltzaintzaren balioa nabarmentzea; bertako produktuak ezagutzera ematea; ondare ekologiko, kultural eta historikoa sustatzea; landa eta hiriko bizimoduak nolakoak diren erakustea; inguruko zerbitzuak, azpiegiturak, gizarte-baliabideak, baliabide publikoak eta pribatuak elkarlanean jartzea eta haien ahalmena erakustea.
Erronka ez zen batere erraza, izan ere, edozein gorabehera gerta zitekeen bidean zehar, eta Aritzek prestaketa berezia egin behar izan zuen, lasterketa bat modukoa baitzen. Gainera, lan egiten du, eta entrenamendu-saioak eta lana tartekatu behar izan zituen. Atari gisa, dokumentalari buruzko informazio guztia hemen ikus daiteke.