https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pink Floyden bertsioak egiten dituen The Other Side taldea, maiatzaren 4an, Gasteizen

Pink Floyden bertsioak egiten dituen The Other Side taldea, maiatzaren 4an, Gasteizen

Taldea «Coming Back to Life Tour 2019» izeneko lanarekin bueltatu da

PAUL PICADO

Pink Floyden bertsioak egiten dituen The Other Side taldearen kontzertua izango da maiatzaren 4an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Kontzertua 21:30ean hasiko da, baina aretoko ateak ordu erdi lehenago irekiko dituzte, 21:00etan alegia. Sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke: Interneten (22 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (25 euro).

The Other Side taldea 2011ko urrian sortu zen, Menorcan. Ciutadellako erabilera anitzeko aretoan eman zuten lehen kontzertua, eta sarrera guztiak agortu zituzten. Harrezkero, taldeak kontzertuak ematen jarraitu du, eta proiektua finkatuz joan da. Pink Floyden bertsioak egiten dituzte.

2017. urtean «Horizon Tour 2017» bira prestatu zuten, eta oraingoan «Coming Back to Life Tour 2019» izeneko lanarekin bueltatu dira. Rock sinfonikoarekin jarraitzen dute eta gero eta zale gehiago erakarri dituzte, izan ere, bi ordu eta erdiko kontzertuak ematen dituzte, eta argiak, ikus-entzunezkoak eta indar handia bateratzen dituzte.

Horri esker, ikusleak iraganera joatea lortzen dute, Pink Floyd 60ko eta 70eko hamarkadetan underground arloan jaun eta jabe zen garaira hain zuzen ere. XX. mendeko rockaren kultura ikonotzat hartzen dute talde britainiarra, eta musikaren historian eraginik handiena izan zuenetako bat da. Britainiarren abesti klasiko guztiak jotzen dituzte, eta musika kritikariek haien lana nabarmendu dute.

Estatuan Pink Floyden bertsioak egiten dituen talderik garrantzitsuenetakoa da, eta dagoeneko milaka ikuslek ikusi dute ikuskizuna. Gasteizen taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera ere izango da.

Temas

Euskera