https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

24 pilotarik hartuko dute esku pilotako Bizkaia Txapelketaren VIII. edizioan

24 pilotarik hartuko dute esku pilotako Bizkaia Txapelketaren VIII. edizioan
Maika Salguero

Kanporaketak uztailean jokatuko dira. Finala, berriz, Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da Aste Nagusian

UNAI SARRIUGARTE

24 pilotarik hartuko dute esku pilotako Bizkaia Txapelketaren VIII. edizioan. Sei talde ezberdin neurtuko dira kanporaketa fasean eta hiru modalitatetan jokatuko da: binakakoa, eskuz eskukoa eta lau t'erdikoa. Norgehiagoka hauek Bizkaiko bost udalerritan jokatuko dira. Finala, berriz, Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da Aste Nagusian.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak azaldu zituen txapelketaren nondik-norakoak pasa den asteartean, uztailak 2, Bilbon Aspe eta Baiko Pilota enpresen ordezkariak eta txapelketan parte hartuko duten pilotariekin batera egindako agerraldian.

Bizkaia Txapelketa uztailaren 21ean hasiko da, Etxebarrin. Hauxe bera taldeka jokatzen den txapelketa bakarra da. Sei talde eratu dira Bizkaiko mendi banaren izena hartu dutenak: Oiz, Anboto, Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Gorbeia. Aipatu dugunez txapelketa hau hiru modalitatetan jokatzen den lehiaketa bakarra da: buruz burukoan, lau t'erdikoan eta binakakoan.

Bizkaiko bost udalerritan jokatuko da txapelketa: Etxebarrin, Zierbenan, Barakaldon, Ermuan eta Bilbon. Uztailean ospatuko dira txapelketako kanporaketa ezberdinak, eta finala, berriz, abuztuaren 20an egingo da Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Aste Nagusiaren barnean.

Txapelketan 24 pilotari arituko dira. Binakako modalitatean: Artola-Albisu, Olaizola II.a - Aretxabaleta, Urrutikoetxea - Mariezkurrena II.a, Altuna III.a - Rezusta, Elezkano II.a - Zabaleta, Ezkurdia-Martija. Lau t'erdikoan: Bakaikoa, Laso, Victor, Jaka, Retegi II.a, Peio Etxeberria. Eta azkenik, buruz buruko modalitatean: Agirre, Arteaga II.a, Urretabizkaia II.a, Dario, Zabala eta Elordi.

Bizkaia Txapelketaren sarrerak jada salgai daude www.entradasfronton.com webgunean. Gainera, zaleek sarrerak pilotalekuetako leihatila ezberdinetan erosteko aukera izango dute. Informazio gehiago behar izanez gero honako esteka hauek kontsulta daitezke: (www.bizkaiafrontoia.eus) eta www.aspepelota.eus eta www.baikopilota.eus.