https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pilarren eta Landazuri inguruan hiri ibilbideak diseinatu dira

Pilarren eta Landazuri inguruan hiri ibilbideak diseinatu dira

Bertan adinekoek zenbait entitate, saltoki eta beste establezimendu batzuk aurkituko dituzte

SERGIO EGUÍA

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak proiektu pilotu bat jarri du abian, Pilarreko eta Landazuri inguruko adinekoei sostengu emateko: hiri ibilbide batzuk sortu dira, zeinetan adinekoek zenbait entitate, saltoki eta beste establezimendu batzuk aurkituko baitituzte, «laguntzeko prest daudenak, auzoak adinekoekiko adiskidetsuagoak bihur daitezen konprometituak, ahulenak izan ohi baitira», azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Asmoa da «nortasuna duten auzoak berreskuratzea, jende guztiak elkar ezagutu, agurtu eta laguntzen zuten auzoak». Azken hilabeteetan saltoki, ostalaritzako areto, osasun zentro, gizarte etxe, elkarte, ikastetxe eta beste entitate batzuekin —22 guztira— egin da lan, eta haiek hitz eman dute beren ingurunea «pertsona horiekiko leku adiskidetsua bihurtuko dutela, eta haien beharrei egokitua».

Prestakuntza-ikastaro bat egin ondoren, Euskadi Lagunkoia zigilua —Eusko Jaurlaritzak emandakoa— jaso dute, «establezimendu lagunkoi» gisa identifikatzeko balio duena, adinekoek erraz aurki ditzaten.

Saltoki eta entitate kolaboratzaile horiei esker hiri ibilbide batzuk diseinatu ahal izan dira Pilarren eta Landazurin, adinekoak seguruago senti daitezen: «segurtasuna ez da poliziaren ikuspuntutik ulertzen, ongizatearen ikuspuntutik baizik. Inguruneak etxetik irtetera, ariketak egitera, erlazionatzera… animatu ditzan nahi dugu, konfiantza eman diezaien, badakitelako behar izanez gero laguntza jasoko dutela», azaldu du López de Munainek.

Auzoko merkatarien eta gizarte eragileen lankidetza sustatzeaz gain, ibilbide horien irisgarritasuna eta bertan dauden hiri-altzariak (eserlekuak, iturriak…) hobetzeko modua aztertu du proiektuak, «adinekoek autonomia handiagoa izan eta komunitatean parte har dezaten».

Ibilbideen diseinuan hogei adinekok baino gehiagok hartu dute parte, eta azken fasean da. Azaroan hasiko dira seinaleak eta informazio-panelak jartzen, Pilarreko eta Landazuri inguruko ibilbideak adierazteko. Pilarrekoak kale hauek hartzen ditu barne: Venezuela, Arriagako atea, Arriagako Kofradia, Paraguai, Puerto Rico, Caracas eta Kuba; Landazuri inguruak, berriz, Antso Jakituna, Ramiro Maeztu, Badaia, Jesusen Zerbitzariak, Landazuri eta Ricardo Buesa kaleak.

Horretaz gain, auzo horietako bizilagunei eta adinekoei zuzendutako informazio-ekintzak egingo dira, ibilbidea zertan den eta merkatariek, gizarte eragileek, profesionalek eta abarrek zein laguntza emango dieten azaltzeko.

«Proiektu honen bidez ongizaterako aukera berriak sortzen ari gara, eta hori guztion inplikazioarekin lor daiteke bakarrik, auzoetan bizitzeko leku atseginago eta irisgarriagoak sortzeko mobilizatuz», amaitu du Peio López de Munainek.