https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

651 pertsonak ekin zioten astelehenean Ertzaintzaren 28. Promozioaren formazioari Arkauten

651 pertsonak ekin zioten astelehenean Ertzaintzaren 28. Promozioaren formazioari Arkauten
Efe

Aurtengo promozioaren %30 emakumezkoak dira

UNAI SARRIUGARTE

651 pertsonak hasi zuten astelehenean Ertzaintzaren 28. Promozioaren formazioa Arkauten. Aurtengo promozioko izangaien %30 emakumezkoak dira. Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak eta Akademiaren zuzendari den Malentxo Arruabarrenak ongietorria eman zieten Ertzaintzaren 28. Promozioko parte-hartzailei astelehenean burututako ekitaldi akademiko batean.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako frontoia izan zen ekitaldi honen kokalekua. Formazioak 9 hilabeteko iraupena izango du eta hauexek Ertzaintzaren oinarrizko eskolako unitate ezberdinetan espezializatuko dira.

Hauxe Ertzaintzaren historiako promoziorik jendetsuenetakoa da. Bertan esku hartuko duten 651 izangaietatik 455 gizonezko eta 196 emakumezkoak dira. Mugarri ikaragarria, lehenengo aldiz iritsi baita % 30era emakumezkoen kopurua. Izangaien batez besteko adina 28 urtekoa da.

Bestalde, parte-hartzaileen lurralde historikoari dagokionez, 391 bizkaitarrak dira, 129 gipuzkoarrak eta 99 arabarrak. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo datozenak, berriz, 32 dira: Kantabriakoak [15], Nafarroakoak [6], Errioxakoak [5], Burgoskoak [3], Hendaiakoak [2] eta Asturiaskoak [1].

Nahitaezko bederatzi hilabeteko prestakuntza akademikoaren ondoren, gainditzen dutenek dagozkion kredentzialak jasoko dituzte 2020ko maiatzean, eta une horretatik aurrera Ertzaintzako unitate ezberdinetan hasiko dira lanean.

Ongietorri ekitaldian Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak euskaraz nahiz gaztelaniaz prestakuntza ona jasotzea ezinbestekoa dela gaineratu zuen. Bere esanetan: «segurtasunaren arloko funtzionario gisa gizarte-errealitate hori artatu beharko duzue, gizartea gero eta euskaldunagoa baita, gaur ikastaro honi ekingo diozuenon hizkuntza-gaitasunak berak islatzen duen bezala».

Gainera, Akademiaren zuzendariak iragarri zuenez urtea amaitu aurretik hurrengo promozioko deialdia zabalduko da, 29.a. Promozio honek gutxienez 500 plaza berri eskainiko ditu.