Borrar
Jon Martin-Etxebeste. Maddi Suarez
Jon Martin-Etxebeste | Irakaslea, bertsolaria eta idazlea

«Pentsatzen zuena esateko ausardia izan zuen Letek»

Xabier Leteri buruzko tesi batekin eskuratu berri du doktoretza EHUko unibertsitatean

Larunbata, 18 ekaina 2022, 00:08

Comenta

EHUko Hezkuntza Fakultatean egiten du lan eta LAIDA ikerketa taldean dihardu literaturari buruzko aldaketak aztertzen, 'Beira' taldeko abeslaria da eta 'Ero' (Elkar, 2008) izenburuko liburua argitaratu zuen. Psikodidaktikan doktoratu da Xabier Leteri buruz idatzi duen tesiaren bitartez. 2020 urtean argitaratu zen 'Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan' liburuan ere hartu du parte. «Uste dut Euskal Herriko historia ulertzeko aukera ematen duela Letek», dio Martin-Etxebestek, EL CORREOko kolaboratzaileak.

2020 urtean, Lete hil zela hamar urte bete ziren, eta bere figurari buruz inoiz baino gehiago idatzi zen. Zergatik hamar urteren bueltan?

–Batetik gure jendartea urteurren zalea delako; urtean behin kausaren batez akordatu zale. Eta, bestetik, zenbait ekarpenez jabetzeko eta zenbait hutsunez konturatzeko distantzia behar delako. Eta denbora distantzia da. Bestalde, uste dut haren figura interesgarriagoa dela orain zenbaitentzat, haren mezuak berrinterpretatu egin ditzaketelako.

Leteren figura polemikoa izan zen, ezta?

–Bai, garaiak ere lerratuagoak ziren… Esaten zuena pentsatzeko patxada eta pentsatzen zuena esateko ausardia izan zituen Letek, eta hainbat alditan egin zuen talka; ideologia oso ezberdineko sektoreekin, gainera. Bere abestiek, ordea, nolabaiteko kontsentsu bat sortzen dute Euskal Herrian.

Denbora asko behar da horrelako ikerketa lan bat burutzeko, sarritan gainerako lanek uzten duten denbora gutxi aprobetxatuz, sakrifizioz, idazten dira; berez, oso erakargarria izan behar du gaia egilearentzat.

–Leteren abestiak nire sehaska kanta izan dira txikitatik eta alde horretatik lotura afektibo estua nuen abeslariarekiko. Tesi bat osatu nahi duenak ordu asko pasatu behar ditu bere corpusa aztertzen eta Euskal kantagintzako abestirik ederrenetakoez inguratuta egotea luxu bat da alde horretatik.

«Bertsolaritzak Leteren kantetan izan zuen eraginaz ez ezik Letek bertsolaritzan izan duen eraginaz ere hitz egin behar da»

Zergatik aukeratu zenuen Xabier Leteren lana zure tesirako?

–Leteren abestietan jasota daude 40 urtez zapaldurik egon zen herri baten borroka, aro berri bat piztu zitekeelako itxaropena, eta baita ondorengo etsipena ere. Beste belaunaldi baten mundu ikuskera ezagutzeko aukera ere zabaltzen zitzaidan modu honetan. 'Teologia, Ideologia' kanta aztertzen badugu, adibidez, asko aldatu da garai hartako Jainko haiek (kristautasunak eta marxismoak) jendartean duten pisua.

Leteren 40 kanta aztertu dituzu (beren letra eta guzti). Naturak indar sinboliko eta metaforikoa zuen haren kantetan.

–Hala da. Edertasunaren bilatzailea zen, eta naturak hunkitu egiten zuen. Hainbat alditan agertzen dira loreak haren obran, bizitzaren eta heriotzaren sinbolo dira, eta baita sentsualitatearena eta itxaropenarena ere. Leteren abestietan gizakia natura mendean hartzen tematzen da, eta naturak behin eta berriz erakusten du bere indarra. Bizitza ere halakoa da, lorpenen eta galeren segida bat.

Eta, galerez ari garela, heriotza izan zen haren gai nagusietako bat…

-Kontuan izan bai bera eta bai berak gehien maite zuen pertsona (Lurdes Iriondo) oso gazterik gaixotu zirela. Heriotza mehatxu erreala izan zen bientzat. Norbere bizia galtzea bezain beldurgarria da maite denaren galera. Azken abestietako batean, 'Jardin bat zuretzat'en, beldur horri kantatzen dio: «Itzal bihurtuko naiz zu galtzen bazera»; baina baita lehen abestietako batean ere, 'Maiteaz galdezka'n ere. Aldi berean, bi kanta horiek baliatu zituen Jainkoaren existentziaz zalantza egiteko.

«Bere abestietan gizakia natura mendean hartzen tematzen da, eta naturak behin eta berriz erakusten du bere indarra»

Maitasuna eta aberria, biak, oso garrantzitsuak izan ziren Leterentzat. Gazi-gozoak izan ziren gai horiek?

–Jendartearentzat izan ziren gazi-gozoak oro har. Letek, idazten hasi zenean, esan nahi zuenaren eta esan zezakeenaren arteko oreka bilatzen saiatu behar izan zuen, izan ere, letrek diktaduraren zentsura pasatu behar zuten. Zenbaitetan bere mezuak zuzenak eta zorrotzak ziren, baina gehienetan metaforak erabili beharra zeukan zentsurari iskin egiteko. Hala ere, garaiko entzuleek aise deskodetzen zituzten haren kantak, zapalkuntza bera nozitzen baitzuten. Hizkera metaforiko hura bere estilo bihurtu zen. Trantsizio deitu izan zaion aroan, ordea, entzuleriaren zati bat mezu esplizituagoak exijitzen hasi zitzaion Ez Dok Amairuko kideei, eta gehienek bolada batez isiltzea erabaki zuten. Abeslariak isildu arren abestiek kantari segitu zuten. Anbiguitate horri esker entzule bakoitzak bere interpretazioa egin zezakeen eta ideologia nahiko ezberdinetako pertsonek kanta berberarekin identifikatu zitezkeen. Letek bere kanten esanahiaren jabetza galdu zuen, nolabait.

Horrek zerikusia izan dezake haren estiloarekin? Bertsolaritzak haren kantagintzan izan duen eraginaz ere ikertu duzu. Sakona izango zela eragin hori, pentsatzekoa da.

–Lete mutiko gazte bat zen garaian, Oiartzun bertsolaritzaren gune nagusietako bat zen: bertan bizi ziren Uztapide, Mitxelena, Koxme Lizaso eta abar. Lete txundituta zegoen herrian bertsolariei zitzaien begiruneaz. Ahozkotasuna puri-purian zegoen inguruan eta lekuonatarren sukaldean pasatutako orduei esker ehunka kanta zahar entzuteko aukera izan zuen. Lete poemak idazten hasi zenean estilo hartaz zipriztindurik zegoen, eta bere poemek herrikoiak ziruditen sorreratik. Hizkera eta egitura tradizionalak mezu berriz bete zituen. 70eko eta 80ko urteen bertso jartzailerik onenetakoa izan zen, nire iritziz, Amuriza eta Xalbadorrekin batera. Bestalde, bere metrikak bertsogintzarako aproposak zirenez, haietako asko bat-batekorako erabili izan dira. Bertsolaritzak Leteren kantetan izan zuen eraginaz ez ezik Letek bertsolaritzan izan duen eraginaz ere hitz egin behar da, beraz.

Eragin handia izan du Letek bertsogintzan?

–Bai, haren poemetako egiturak bertsolarienen antzekoak ziren maiz, baina ez beti. 'Habanera', adibidez, zortzi silabako lerroz osatua dago. Gaur egun bakarka jarduteko molderik erabilienetakoa da hori, baina hain zuzen ere aipatutako kanta horri zor zaio bertsogintzako adopzioa. Doinutegian eragin handia izan dute berak konposatutako doinuek eta bertso-zaharren berreskurapenean eta dibulgazioan lan handia egin zuen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Pentsatzen zuena esateko ausardia izan zuen Letek»

«Pentsatzen zuena esateko ausardia izan zuen Letek»