Borrar
El debate electoral de EL CORREO con los candidatos, en directo a las 11.00 horas
Xabier Amuriza, elkarrizketa batean.
Xabier Amuriza: «Pena handia emango dit euskara galtzen bada, baina badakit ni bizi naizen bitartean hilko ez dela»
Euskaraldian murgilduta

Xabier Amuriza: «Pena handia emango dit euskara galtzen bada, baina badakit ni bizi naizen bitartean hilko ez dela»

Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak Manuel Lekuona saria jaso zuen iaz. Aurten Korrontzirekin batera sorturiko diskoa aurkeztuko du: 'Koplariak'

Nahikari Cayado

Lunes, 23 de noviembre 2020

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Xabier Amuriza plazaz plaza, oholtza gainean, legebiltzarrean… Hamaika lekutan ikusi izan dugu Berrizen bizi den zornotzarra, baita inoiz Europan izan den abadeen espetxe bakarrean ere. Apaiz-Kartzela izeneko dokumentalean batu zituen bere gogoetak, Zamorara bidaiatu, eta, han bertan, egun abandonatuta dagoen espetxean bizitako bizipenez aritu zen kamera aurrean. Bertsolari izateaz gainera, idazle, itzultzaile eta ikerlari ere bada Amuriza, eta alor horietan egindako ekarpenak ere izan ditu gogoan Eusko Ikaskuntzak, 2019ko Manuel Lekuona Saria eman baitzioten. Aurtengoan Korrontzirekin batera 'Koplariak' izeneko lana aurkeztuko du egunotan, bere letretan oinarritutako abestiak batzen dituena.

- Amorebietako Etxano auzoan jaio zinen eta bertako auzo eskola batean eman zenituen ikasle bezala lehenengo urratsak

-Hala da. Bertan berrogeita hamar ume batzen ginen eta benetan eskola basatia zen hura. Halere, ondo gogoratzen dut irakaslea, autoritate handikoa zen. Ia ez zekien euskaraz eta nik ia ez nekien gaztelaniaz, baina era batera edo bestera beti moldatzen ginen. Oso pozik gogoratzen ditut urte horiek.

- Izan ere, euskara izan da beti zure ama hizkuntza

-Hamaika urterekin Karmeldarren konbentuan sartu nintzenera arte, ez nuen gaztelaniaz ikasi. Hau da, nik ez nekien nire hizkuntza zen euskaraz haratago besterik zegoenik.

- 2019an Manuel Lekuona saria irabazi zenuen. Eusko Ikaskuntzako kideek garai aldaketa bat markatu duzula goraipatu zuten. Zerk suposatzen du horrek zuretzat?

-Poz handia. Eusko Ikaskuntza ez da edozelako erakundea, mende bat baino gehiagoko historia dauka, eta ni ez naiz inoiz hain maila altuan aritu. Horregatik, hain zuzen, Manuel Lekuona saria jasotzeko ni aintzat hartu izana, nik ezer egin gabe, balio erantsi handiagoa ematen dio errekonozimendu honi.

- Bat bateko bertsolaritza egiteari orain dela lau urte utzi zenion, halere oraindik idazten jarraitzen duzu

-Bai. 75 urte bete nituenean plazaz-plaza eta herriz-herri joateari utzi nion, uste nuen horretarako momentua heldu zela, eginda dauzkat egin beharreko kilometro guztiak. Halere, bertsoak botatzen jarraitzen dut lagunen batek eskatuta edo… Berrian zutabe bat idazten dut eta Euskadi Irratian kolaboratzen dut ere. Lasai bizi naiz orain, gaztetan baino askoz hobeto, pozik eta inolako presarik gabe. Daukadan adinaren kontzientea naiz eta argitasuna daukadan bitartean bizitzaz disfrutatu nahi dut.

- Korrontzi musika taldearekin batera 'Koplariak' diskoa sortu duzu

-Musikari askorentzat idatzi izan ditut kantu bat edo beste, baina inoiz ez dut talde batentzat disko oso bat idatzi. Gauza handia da hori. Lan handia egin dut koplagintzan eta Korrontzik berak eskatu zidan hanbat testu pasatzeko. Neuzkanak pasa nizkion, eta baita sortu nituen beste batzuk ere. Hark aukeraketa egin zuen eta hortik atera da 'Koplariak', gauza benetan polita.

- Koplagintzan lan handia egin duzula aipatu duzu, izan ere, oso gaztetan hasi zinen bertsolaritzaren munduan.

-Begira, hitz egiten baino lehen kantatzen ikasi nuen nik.

- Ez esan, nola ba?

-Aita beti izan da oso bertsozalea eta kantaria. Beti zegoen kantuan. Behin, bi edo hiru urterekin, ama kezkatuta zegoen nik ahoa irekitzen ez nuelako. Hainbat sendagile eta bestelako toki ezberdinetara eraman ninduen ni hitz egiten hasteko helburuz. Egun batean baina, eta hain txikia izan arren ondo gogoratzen dut, etxeko lorategian nengoela kantuan entzun ninduen amak.

- Eta zer kantatzen zenuen?

-Aitari behin eta berriz entzundako 'Ezkondu eta ezkongai' kantua. Une horretan pentsatu zuen amak: «Abesteko ahoa zabaltzen badu, hitz egiteko ere zabalduko du». Eta horrela izan zen.

- Zure ustez, zein da euskarak bizi duen egoera gaur egun?

-Nire ustez larria da. Gauza da ez dudala euskaraz aritzeko joera edo borondaterik ikusten. Nik kontraesan handi bat ikusten dut gizartean. Alde batetik, digitalizazioaren eta teknologiaren munduan euskarak egin dituen aurrerapenak itzelak dira, baina gero hizkuntza beraren erabileran sakontzen ez dela iruditzen zait, ez dut aurrera pausorik ikusten kalitatezko euskararen alde. Pena handia emango dit euskara galtzen bada, baina badakit ni bizi naizen bitartean hilko ez dela.

- Euskaraldian parte hartuko duzu?

-Modu pasiboan bai, beti bezala. Ni euskararekin bizi naiz.

- Zer iruditzen zaizu hizkuntzaren aldeko horrelako dinamika sortzeak?

-Ea ba. Alde batetik ondo iruditzen zait. Hizkuntzaren alde egiten den guztia ona da. Beste alde batetik baina, pena ematen dit modu horretako kanpainak egin beharra jendea euskaraz hitz egiten hasteko. Jendeak nahi badu euskaraz egingo du, eta nahi ez badu, ez. Hainbesteko kanpainak behar dituen hizkuntza bat ez doa ondo, eta horrek tristura handia ematen dit.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios