https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pello Reparaz abeslariak 'Zetak' proiektu elektronikoa kaleratuko du

Pello Reparaz, kontzertu batean./Instagram
Pello Reparaz, kontzertu batean. / Instagram

Vendetta euskal taldeko abeslari ohiak Durangoko Azokarako izan nahi du prest disko berria

UNAI SARRIUGARTE

Pello Reparaz abeslariak urte bukaeran 'Zetak' izeneko talde berri bat jaioko dela iragarri du. Proiektu berri honek urte amaieran ikusiko du argia eta, antza denez, sormen prozesu guzti honen amaierako helburu nagusia kontzertuak eskaintzea izango da.

Reparazek ideia asko ditu buruan eta «aldaketarako eta esperimentatzeko» abestiak idatzi eta ekoizteko «gogo ikaragarriarekin» dator. Abestiek esango dute zenbat musikari beharko dituen taldeak, baina abeslariak zeharo argi daukana da abestiak %100 euskaraz izango direla, bihotzak horixe bera eskatzen baitio.

Pello Reparaz arbizuar musikagile, abeslari eta ekoizlea da. 5 urterekin eman zituen musikan lehen urratsak eta 8 urterekin tronboi-jole gisa trebatzeari ekin zion. Oholtza gainera lehendabiziko aldiz, berriz, 13 urte baino ez zituenean igo zen.

Proiektu batzuetan parte hartu eta gero, 2007an, 17 urte zituela, Vendetta taldea sortu zuen Nafarroan beste lau kiderekin batera. Musika bandak 500 kontzertu baino gehiago eskaini izan zituen espainiar estatu eta nazioarte mailan: Suitza, Alemania, Txile, Argentina, Uruguai, Peru, Turkia eta Sahara bezalako herrialdetan, besteak beste. Gero, 2018. urtean taldea desegin, eta, harrezkero, Reparaz hainbat proiektu berritan dihardu lanean buru-belarri.

Ikasketak, Erresuma Batuan

Arbizuarrak bere lehen abestiak 2007an idatzi zituen. Estudioko 6 disko jorratu ondoren ikus-entzunezko hainbat proiektu burutu izan ditu. 2016. urtean ekoizpenaren munduan murgildu zen definitiboki, 10 abestiz osaturiko 'Bother' diskoan konpositore eta ekoizle lanak egin zituelarik.

Bestalde, 2017. urtean Londresera (Erresuma Batua) abiatu zen. Bertan 'Masters in Songwriting' izeneko ikasketak burutu zituen Erresuma Batuko musika profesionalik ospetsuetarikoenekin ICMP insitutuan (Contemporary Music and Performance Institute). Hori dela bide, egun Nafarroa eta Erresuma Batua artean bizi da abestigintza eta ekoizpenean murgildurik.

'El Muerto Vivo' eta 'Baloreak' proiektuetako diskoak ekoitzi izan ditu . Une honetan, berriz, 2019an argitaratuko diren beste bi talderen diskoen ekoizpenean dihardu lanean eta dokumental berri baten soinu banda konposatzen, grabatzen eta ekoizten ari da.

Temas

Euskera