Peio Gonzalez eta Egoitz Bijueska skater bizkaitarrak, Munduko txapelketako final laurdenetara
Bilboko eta Sopelako skater gazteek bi emanaldi on sinatu dituzte Ostia-Erromako Skate Parkeko Munduko Txapelketan aurrera egiteko
Euskal skaterrek aurrera jarraitzen dute munduko txapelketan. Izan ere, Park modalitateko Munduko Txapelketa asteazken honetan hasi zen Italiako Ostia herrian (Roma), eta bertan parte hartzen duten 123 kirolari mutilek txandak jokatu zituzten, horien artean Egoitz Bijueskak eta Peio Gonzalezek.
Bijueska izan zen euskaldunen artean lehiatzen lehena. Basque Team Fundazioak eta Patinajeko Euskal Federazioak abian jarritako bikaintasun-proiektuaren partaideak Ostiako Spot Skateparkera egin zuen jauzi, taula gainean duen harrotasun guztia erakutsiz, 12 urte besterik ez dituen arren. Bilbotarrak 66.42ko puntuazioa lortu zuen lehen saiakeran eta 46.15ekoa bigarrenean, bigarren saio horretan erori baitzen.
Sailkapen-txandan, patinatzaile bakoitzak 45 segundoko tartean egiten zituen trikimailuak, eta haien artean ondoen baloratutakoa hartzen da aintzat. 66.42 puntuek lehen txandan parte hartu zuen Egoitz jarri zuten sailkapen nagusiaren gorenean arratsaldera arte, baina azkenean bukaerara arte itxaron behar izan zuen, rider guztiek bukatu arte, jakin ahal izateko sailkatuta zegoen ala ez. Izan ere, txanda aurreratuenetan parte hartzen dute Munduko Txapelketako rankingean hobekien kokatuta dauden skaterrek. Urduritasun handiko uneak izan ziren, baina azkenean lortu zuen, 27. postuan amaituz (27 onenak baino ez ziren pasatzen hurrengo txandara). Guztira 32 skater izango dira final-laurdenetan, baina sailkapeneko bost onenek ziurtatuta zuten txartela. Beraz, han ikusiko dugu bilbotarra.
Laugarren txandan Peio Gonzalez Sopelako skaterra ere lehiatu zen. Basque Teameko bekadunak lan polita egin zuen, eta lehen saiakeran oreka galdu zuen arren, nabarmen hobetu zuen bere bigarren saio kronometratua. Lehen jarduketari 48.54 eman zioten, eta bigarrenari 69.73, eta azken honi esker arratsaldearen zati handi batean taularen buruan jarri zen. 14. tokian bukatu zuen azkenean, sailkapena alde nahikoarekin erdietsiz.
Bestalde, Basque Team Fundazioaren beka ere jasotzen duen Alain Kortabitarte izan zuen lehiatzen azkena. Eguneko seigarren txandan kokatu zuten eta 63.00ko eta 51.18ko puntuaketak eman zizkioten. Bere jarduna gaizki egon ez den arren, ez zen nahikoa izan sailkapen nagusiko goiko postuetan jartzeko. 30 izan zen donostiarra.
Jardunaldi horren ondoren, gaur neskek hartuko dute lekukoa Munduko Txapelketa honetan. Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu getxoztarrak eguneko lehen txandan lehiatuko dira (09:15) eta Naia Laso bermeotarra bosgarrenean (14:15).
Azpimarreatzekoa da Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketa hau 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetarako puntuagarria dela, izan ere, Parkeko zein Streeteko modalitateak Tokioko Jokoetan parte hartu zuten lehen aldiz.