Pedro Almodovarrek 'Madres paralelas' estreinatuko du irailaren 10ean
Penelope Cruz, Milena Smit, Israel Elejalde eta Aitana Sanchez-Gijón antzezleak egingo dute lan film berri honetan
Ander Retolaza
Viernes, 25 de junio 2021, 21:12
Espainia mailako zinemagilerik esanguratsuena bueltan da. Pedro Almodovarrek irailaren 10erako 'Madres Paralelas' filma estreinatuko duela iragarri berri du, El Deseo eta Sony Pictures ekoiztetxeek komunikatu batean kaleratu dutenaren arabera. Zuzendariak berak garatutako gidoiarekin, pelikulak Penelope Cruz, Milena Smit, Israel Elejalde eta Aitana Sanchez-Gijon aktoreak izango ditu beregain. Rossy de Palma eta Julieta Serranoren agerpenak ere baieztatu dira.
Publicidad
Esanguratsuena, dena den, filma irailak 10 estreinatuko dela da, maiatzean amaitu baitzen filmaketa. Gainera, argi adierazi da zuzendariak ez duela filma 2022ko Canneseko Zinemaldian aurkeztuko, ohi duen bezala, ezta irailaren 17an hasiko den Donostiakoan ere.
Zinemagilearen anaia den Agustin Almodovarrek eman du berria: «Pozik nago Pedro Almodovarren 'Madres Paralelas' film berria iragartzeko aukera dudalako. Bizi behar ditugun garai konplexuak ikusita, segurtasun handia ematen digu Sony Pictures bezalako konpainia batekin lan egiteak». Era berean, Sony Pictures Entertainment Iberiako zuzendari nagusia den Ivan Losadak esan du «ohorea» dela Pedro Almodovar berriro laguntzea film berri honetan.
Ekoiztetxeak egitasmo berriaren sinopsia ere azaldu du, orain arte datu gutxi baitzeuden haren inguruan. Bi emakume, Janis eta Ana, erditzera doazen ospitale bateko gelan daude. Biak ezkongabeak dira eta ustekabean haurdun geratu ziren. Janis, adin ertainekoa, ez da damutzen, eta erditu aurreko orduetan eroso sentitzen da baina, bestea, Ana, nerabe bat baino ez da: beldurtuta, damututa eta traumatizatuta dago erabat. Horrela, Janis Ana gaztea animatzen saiatzen da, ospitaleko korridorean etengabe paseatzen duten bitartean.
Ordu horietan gurutzatzen dituzten hitz apurrek lotura estua sortuko dute bien artean, bai eta egoera konplexu batzuetara bideratu ere. Bat-batean nahaste galanta biziko dute protagonistek.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión