https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jon eta Paulo Kortazarrek Juan Mari Lekuona olerkariaren abesti eta olerkiak argitaratu dituzte

Juan Mari Lekuona./
Juan Mari Lekuona.

Aztertutako materialak Lekuonaren familiak emandako eskuizkribu eta egunkari bat dira

UNAI SARRIUGARTE

Juan Mari Lekuona euskal olerkari, idazle eta iraskasleak bere bizitzan idatzitako olerki eta abestiak argitaratu dituzte. 'Juan Mari Lekuona. Bertsoak' izeneko liburua plazaratu du Pamiela Argitaletxeak, Lekuonaren familiak gordetzen zituen eskuizkribu eta egunkariak oinarritzat hartuz.

Liburu hau EHUko irakasle diren Jon eta Paulo Kortazar aita-semeen edizio lanari esker argitaratu da. Liburuan Lekuonak berak bere bizitza osoan bildu zituen testuak daude ikusgai. Aurkitutako material ezberdinen artean 1975 urtetik 1999ra bitarteko poemak, koplak, bertsoak eta kantak dira. Liburuaren erdia 'Nere olerki eta kantak' izeneko eskuizkribu batean oinarritzen da.

Lekuona familiak Jon eta Paulo Kortazar aita-semeen esku utzi zuen oiartzungo olerkari eta idazlearen ondarea. Paper hauen artean 'Egutegia 1999' izeneko agenda bat. Lekuonak bertsoengatik zuen zaletasunaren islada da koadernotxo hau.

Kortazar aita-semeekin batera, Oihana Lekuona, Juan Mariren iloba eta Iosune Cosuillas Oiartzungo Udaleko kutura zinegotzia izan ziren Donostian pasa den asteartean egin zen aurkezpenean. Oihanak familiaren poza helduarazi zien egileei. Era berean, Cosuillasek Lekuona familiak Oiartzunen euskararen alde egindako landa goraipatu zuen.

Juan María Lekuona, Manuel Lekuona euskal idazle eta apaizaren iloba, Oiartzunen jaio zen 1927. urtean. Euskal olerkari eta euskaltzainak Gasteizko apaizgaitegian eta Erromako Unibertsitate Gregorianoan egin zituen apaiz ikasketak. 'Oianburu' ezizena erabiliz, Zeruko Argia, Olerti, Egan eta El Bidasoa aldizkarietan hasi zen idazten. Gehienbat Lekuonak olerkigintzaren alorrean egindako lanak nabarmentzen dira.

Euskaltzale eta euskal ikertzaile-familia ezagun bateko kide izan zen. Txikitatik euskararen munduan murgilduta ibili ohi zen eta bere osaba Manuelek ahozko zein idatzizko euskal literaturan izan zuen aurretiko jarrera Juan Mariren olerki eta abestien islada da.

1987an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Juan Mari Lekuona. Euskal olerkariak 'Mindura Gaur' izeneko lehendabiziko poema liburua plazaratu zuen 1966an. Harrezkero, hainbat poema liburu plazaratu zituen: 'Muga beroak' 1973, edota 'Ilargiaren eskolan' 1979, esaterako.

Bestalde, ahozko literaturari buruzko hainbat artikulu eta saiakera argitaratu ditu. Aipagarria da 'Ahozko euskal literatura' (1982) liburua. Era berean, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sortzaileetakoa eta lehen lehendakaria izan zen.