https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Paula Rodríguez barakaldarrak irabazi du Blas de Otero poesia lehiaketa

Miguel de Unamuno saiakera lehiaketaren eta Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren sari-banaketa egin du Bilboko Udalak

AMALIA IBARGUTXI

Urtero bezala, Bilboko Udalak Blas de Otero poesia lehiaketaren, Miguel de Unamuno saiakera lehiaketaren eta Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren sari-banaketa egin du. Poesian, Barakaldoko Paula Rodríguez Miñambres gailendu da, 'Oroimenaren xaflakortasunaz' lanarekin; Galo Martínez de la Pera idazle eta filosofo arabarraren saiakera liburua ere saritu dute, 'Hiritasun santuaren misterioa edo Paulok egindako faltsutze eta lapurtzeak kristautasuna sortzeko' izenekoa; ipuin onena, Gilen Mejuto Garciaren 'Mutxikina eta zuztarra' jo dute.

Hainbat izan dira epaimahaikideek sari-banaketan nabarmendutako lanon inguruko hausnarketak. Martínez de la Pera filosofoaren saiakera fundamentalismoen inguruko lana omen da, eta epaimahaiak kontuan hartu du «historiaren begirada kritikoa eta konplexutasuna mahai gainean jarri izana, horretarako sakon aztertuz, zenbaitetan ironia fina baliatuta. Ondo oinarritu eta arrazoitutako testua da, sinestunaren heldutasunerako deia egiten du, historia eta erlijioa konbinatuz, baina erlijioaren balioa bazter utzi gabe».

Poesia sariari dagokionez, epaimahaiak nabarmendu du poesia-sorkuntza ez ohikoa erakutsi duela Rodríguezek liburuan, «bertute nagusiak iradokitzailea izatea eta gai aldeko batasuna dituelarik. Poemetan mito klasikoak erabili ditu, egunez eguneko antiheroiekin elkartuz». Poesia «arina, irakurterraza eta iradokitzailea» dela ere gaineratu dute.

Gilen Mejuto Garcia izan da euskarazko ipuinen modalitateko sariduna, sortu suen 'Mutxikina eta zuztarra' ipuinari esker. Honako honetan, epaimahaikoen iritziz, egileari onartu behar zaio «originaltasun handiz gauza ñimiño eta arrunt bat, unibertso txiki eta erakargarri bat sortu duela». Arte Ederretan lizentzia da Gilen Mejuto eta itzultzaile-lanetan dihardu 2011 ezkero. Saria 3.500 eurokoa da, modalitate bakoitzean.

Gainera, epaimahaiak 1.750 euroko accesit bana ere eman die Garazi Esnaola Barlerdiri ('Teilatupean zoro dantzan') eta Juan Luis Zabala Artetxeri ('N-634') euskarazko ipuinen modalitatean.

Halaber, gaztelaniazko poesia, saiakera eta ipuin modalitateetan gailendu dira, hurrenez hurren, Ángela Álvarez idazle madrildarraren 'Palabra vegetal' poema-sorta; Iván Olano Duqueren 'El sueño de la especie. Siete ensayos al borde del abismo' izeneko azterlana; eta, azkenik, Marcelo Britos idazle eta literaturako irakasle argentinarrari, 'Vienen' kontakizunagatik.

 

Fotos

Vídeos