https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Paul Laxalt Reaganen lagun eta lankide euskalduna hil da

Ronald Reagan eta Paul Laxalt./Las Vegas Review-Journal
Ronald Reagan eta Paul Laxalt. / Las Vegas Review-Journal

Nevadako gobernadore eta senatari izan zen Laxalt, eta Errepublikanoen alderdiko buru ere bai. Reagan konbentzitu zuen Ardanza lehendakariari harrera egiteko Etxe Zurian 1988an AEBetara egin zuen bisitan

AMALIA IBARGUTXI

Paul Laxalt AEBtako politikaria hil da 96 urte zituela, pasa den abuztuaren 6an, Virginiako Estatuko osasun etxe batean. Zuberoatik Estatu Batuetara lan bila bidaiatutako euskaldunen semea zen. Artzaina zuen aita, Dominique Laxalt, eta zerbitzari lanak egin zituen amak, Therese Alpetxek. AEBetan, Nevadako estatuan, politikari gisa ibilbide luzea egin zuen Laxaltek.

Bere anaia Robertek ere, 'Bob' ezizenez ezaguna, estatu horretan bizi izandako euskaldunen ondarea bere eleberrietan islatu zuen. Aita zuberotarra eta ama baxenabartarraren bi semeak AEBetako euskal diasporako izen ezagunenetarikoak izan dira. Paul Laxalt 1922an jaio zen, Renon (Nevada), eta guztira bost anai-arreba zituen. Paul eta Bob politikari eta idazleez gain, beste lau laxaltar baziren. Suzanne, moja ofizioz; John, abokatu eta aholkulari politikoa; Marie, irakaslea; eta Peter, 'Mick' ere deitzen ziotena, hau ere abokatua.

Paul gazte zelarik egin zuen eztanda II. Mundu Gerrak, eta bertan egin zuen soldaduska. Ondoren, 50eko hamarkadan, administrazioan lanean hasi zen, eta 60ko hamarkada amaiera aldera Nevadako gobernadore zen jada. Geroago, 1974tik 1987ra, estatu horretako senatari lanak egin zituen. Errepublikanoen alderdiko buru ere izan zen.

Ezagunena bilakatu zuena, ordea, beste kontu bat izan zen. Izan ere, gobernadore zenean ezagutu zuen Ronald Reagan politikaria, hori ere gobernadore zen garaian. Reagan AEBetako presidente izan zen garaian 'The first friend' edo 'lehenengo laguna' deitzen zioten. Presidente izateko hautagai aurkeztekotan izan zen, nahiz eta azkenean ez zuen bide horretatik aurrera egin. Paul Laxaltek eta Pete Cenarrusa politikariak, hau ere migratzaile bizkaitarren semea, lortu zuten Reagan presidenteak Ardanza lehendakaria hartzea Etxe Zurian 1988an AEBetara egin zuen bisitan.

Washington hirian lobby eta abokatu kabinete bateko buru izan zen politika alde batera uzteko erabakia hartu eta gero, eta bizitzako azken urteak Virginia estatuko erresidentzia batean eman ditu. Egun, bere biloba Adam, alaba Michelle-en semea, Nevadako gobernadore bilakatzeko ahaleginetan ari da, estatuko fiskal nagusi lanetan diharduen bitartean.

 

Fotos

Vídeos