https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Patxo Telleria bilbotar gidoigile, zinemagile eta aktoreak Gaztelaniazko Testugile Onenaren aitortza jaso du Toledon

Patxo Telleria./Luis Ángel Gómez
Patxo Telleria. / Luis Ángel Gómez

Garaikur hau «Ultimo Tren a Treblinka» antzerki ikuskizunarengatik irabazi du

UNAI SARRIUGARTE

Patxo Telleria bilbotar gidoigile, zinemagile eta aktoreak Gaztelaniazko Testugile Onenaren aitortza jaso du Toledon. Garaikur hau «Ultimo Tren a Treblinka» antzerki ikuskizunarengatik irabazi du. Gainera, Vaiven Produkzioak konpainiako ekoizpenak Antzerki Ikuskizun Onenaren saria bereganatu du.

Ana Pimentak eta Fernando Bernuesek sortutako obran Alfonso Torregrosa, Maiken Beitia, Jon Casamayor, Gorka Martín, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Nerea Elizalde, Tania Fornieles eta Mariano Estudillo aktoreek hartzen dute esku. Interpretatzaile hauen gehiengoa gaztea den arren, kritika eta publikoaren harrera beroa jaso dute.

Bertan Mireia Gabilondo aktore eta zinemagile bergararra ibili da zuzendari lanetan eta dramagintza, berriz, aipatu dugun Patxo Telleria bilbotarrak jorratu du euskaraz zein gaztelaniaz.

Antzezlanak 1942ko abuztuaren 5ean Varsoviako Ghettoan jazotako gertaera du hizpide. Egun hartan Janusz Korczak doktore zaharrak, 200 ume judutar lagundu zituen Treblinkako kontzentrazio eremura eramango zituen azken trenera iristen. Kondairak dioenaren arabera, naziek bere burua salbatzeko aukera eman bazioten ere, doktoreak ez zituen umeak utzi eta beraiekin abiatu zen Treblinkara.

Bisitariek une ezinhobea igarotzea bilatzen da antzezlanean. Izan ere, ikus-entzuleak agertokiaren erdialdean kokatzen dituzte, hau da, eszenan dauden mahaietan eta ohatzeetan esertzen dira, istorioan murgilduta dauden umezurtz bat bezala sentitu daitezen.

Patxo Telleria bilbotar gidoilari, aktore eta zinema zuzendaria da. Mikel Martinezekin batera Ez Dok Hiru Bikoteatroa antzerki taldean lan egiten du batez ere, antzezle eta gidoilari gisa. 1980ko hamarkadan antzerkiko eta telebistako aktore lanak egiten hasi zen. Egun Tentazioa ekoiztetxearekin lan egiten du gidoilari gisa. Bere ibilbide oparoan telebista, antzerki eta zinemarako hainbat gidoi idatzi izan ditu.