https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Patxi Zubizarretaren 'Beroki gorria' izeneko errezitaldia izango da bihar, Principal Antzokian

'Beroki gorria' liburuaren azala./
'Beroki gorria' liburuaren azala.

Izen bereko bilduma irudiztatuan oinarrituta dago, eta gidoia eta narrazioak Patxi Zubizarretak berak egin ditu

PAUL PICADO

Patxi Zubizarretak prestatutako 'Beroki gorria' izeneko errezitaldia izango da bihar asteazkenean Gasteizko Principal Antzokian, 20:30ean. Zubizarretak berak, 2016. urtean Ibaizabal argitaletxearen bidez argitaratu zuen izen bereko bilduma irudiztatuan oinarrituta dago, eta gidoiak eta narrazioak Zubizarretak ere egin ditu. Lan horretan, Bilbotik Southamptonera joan ziren gerrako haurren bidea kontatzen da. Horrela, kanpamentu batean emandako denbora azaltzen da, han Luis Cernuda poetaren laguntza ere izan zutela.

'Beroki gorria' errezitaldia izateaz gain, dantza, musika eta kantua ere agertzen dira. Kontaketak euskaraz eta gaztelaniaz prestatu ditu Zubizarretak; irudiak, Yolanda Mosquerak egin ditu; Maddi Oihenartek kontatzen ditu ipuinak; Imanol Elizasuk eta Zariatxu koruak abesten dute, txeloaren eta akordeoiaren laguntzarekin, eta azkenik, dantzei dagokienez, Sahatsa Ramirezen esku geratzen dira.

Patxi Zubizarreta euskal filologoa da. Helduen literaturan eta itzulpengintzan hainbat lan egin ditu, baina haur eta gazte literaturan argitaratu dituen lanengatik bereziki da ezaguna. Hain zuzen ere, hiru alditan irabazi du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria. Musikari askorekin eman ditu errezitaldiak, hala nola Jabier Muguruza, Pello Ramirez, Mikel Urdangarin eta Joserra Senperenarekin. Bestalde, Yolanda Mosquera amurrioarrak Arte Ederrak ikasi zituen eta hogeita bost urterekin estudio batean hasi zen lanean, diseinatzen eta letrekin jolasean, berak dioenez, tarteka marrazten ere bai.

Temas

Euskera