https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Patti Smith punk-rock musikari eta feminismoaren aldeko aktibista sutsua YSL luxuzko markaren irudi berria izango da

Patti Smith./Efe
Patti Smith. / Efe

«Punkaren amabitxia» ezizenarengatik ezaguna den artista musika estilo honetan ikuspuntu feminista abiarazi zuen lehendabiziko artistetako bat izan zen

UNAI SARRIUGARTE

Patti Smith punk-rock musikari eta feminismoaren aldeko aktibista sutsua Yves Saint Laurent luxuzko ehungintza marka frantsesaren irudi berria izango da. Page Six web orrialde estatubatuarrak iragarri zuen atzo albistea, irailak 12. Smith irailaren amaieran Steven Sebring argazkilari ospetsuaren aurrean paratuko da New Yorken. YVS konpainiak iragarri duenez, argazkiak ez dira hilabete batzuk igaro arte plazaratuko.

Artistak rock and roll eta punk-rock estiloak landu zituen gehienbat. Bruce Springsteenekin batera jorratu zuen «Because the Night» kanta haren abestirik ezagunenetakoa da . «Horses» izeneko bere lehendabiziko albumarekin arrakasta ikaragarria bereganatu zuen. Bestalde, batik bat musikalki ezaguna bada ere, hainbat poesia liburu ere idatzi ditu.

«Punkaren amabitxia» ezizenarengatik ezaguna den artista musika estilo honetan ikuspuntu feminista abiarazi zuen lehendabiziko artistetako bat izan zen. Rachel Corrie aktibistaren heriotzaren ondoren, Smithek «Peaceable Kingdom» kanta sortu zuen, Corrieren omenez. Aktibista honen bizitza ardatz zuen abestia zen hauxe.

Smithek feminismoa emakumezkoen identifikazioarako bide bakar bezala ikusten du. Chicagoko musikagileak nabarmentzen duenez emakumezkoak ahalduntzen direnean, ez dute soilik euren generoagatik borrokatzen, gizarte guztiarengatik baizik.

Chicagoko musikagileak bere ibilbidean hainbat sari irabazi izan ditu: 2005. urtean Frantziako Arte eta Letren Ordenaren Komendadorea izendatu zuten. 2007. urtean, berriz, Rock3 izeneko Ospe Aretoan sartu zen eta 2011n Musika Polar Garaikurra eman zioten.

Halaber, politikoki konprometiturik dago ekologismoarekin. Smithek 2000. urtean Estatu Batuetako lehendakaritzarako hautagaia zen Ralp Nader babestu zuen, berdeetako alderdiaren burua zena. Era berean, «Over the Rainbow» eta «People Have the Power» abestiak interpretatu zituen Naderren kanpaina politikoan.

Era berean, George W. Bush presidentearen kritikari handia ere dugu. Presidente honen aurkako lehendabiziko manifestazioetan esku hartu zuen 2002. urtean, Louis Posnerrekin batera.