https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pasa den asteartean zabaldu zen Galdakaoko Udalak Egiako auzunean ahalbidetu dituen 34 ortu ekologikoak erabili ahal izateko epea

Pasa den asteartean zabaldu zen Galdakaoko Udalak Egiako auzunean ahalbidetu dituen 34 ortu ekologikoak erabili ahal izateko epea
B. Agudo

Izen-emate epea apirilaren 16tik maiatzaren 10era bitartean egongo da zabalik

UNAI SARRIUGARTE

Galdakaoko Udalak pasa den asteartean zabaldu zuen herriko 34 ortu ekologikoetan parte hartzeko epea. Izen-ematea Esan bulegoan edota esan@galdakao.net helbidearen bidez egin ahal izango da eta epea apirilaren 16tik maiatzaren 10era bitartean egongo da zabalik.

Galdakaok lau urte daramatza herrian ortu ekologikoak ekoizten. Bertan herritarrek euren barazki eta ortuariak ekoizten dituzte. 2018. urtean ortuen bigarren fasea eraiki egin zen. Zehazki, Egia auzunean 36 ortu eraiki dira, bakoitza 40 eta 50 metro karratu bitarteko azalerarekin. Hauetako bi helburu pedagogikoetara bideratu ditu udalak.

Ekimen honek 2011. urteko irailean ospatutako udalbatzaren osoko bilkuran izan zuen hasiera, EAJ, PSE eta beste zenbait udal-taldeek ekimenari emandako sostenguaren ondorioz.

Ortu ekologiko hauek erabili ahal izateko honako ezinbesteko baldintzak bete behar dira: 18 urtetik gora izatea, Galdakaoko herritarra izatea, hau da, Galdakaoko biztanleen udal erroldan erregristaturik egotea eta landatzeko lursailik ez izatea Galdakaoko udalerrian.

Bestalde, zoru hauen hartzaileek elkarte bat sortu beharko dute ortuen eguneroko kudeaketarako. Kudeaketa honen helburua ortuen funtzionamendu egokia eta hauen mantenua ziurtatzea izango da.

Esleipendun bakoitzak ordenantza fiskalak ezartzen duen udal kuota ordaindu beharko du eta honetaz gaindi, zorua lantzeko erabilitako ura, argia eta garbiketa gastuak ordaindu beharko ditu. Informazio gehiago behar izanez gero eskuragarri dago Galdakaoko Udalaren webgunean: www.galdakao.eus.