Pandemia, oraindik
Adeitasunak agintzen du Eguberriko festetan zorionak behar duela izan nagusi, fokutik kanpo gelditu behar dutela hutsuneak, akatsak, minak. Denak behar duela izan gozo, dena bihotzeko. Horregatik egiten ziren su-etenak Eguberrietan, gerra askotako fronteetan.
Konforme, eman diezaiogun amore ohiturari, baina honezkero pasatu dira festak, lurperatu ditugu gozokeriak, gorde ditugu argiak eta apaingarriak. Eta orain zer. Orain, bakoitza bere arazoetara, bere komerietara, baina guztiok orain betikoa dirudien pandemiaren menpean. Gutako bakoitzak egin zuen salbuespenen bat aste haietan; birusak ez, birusak salbuespenik gabe bete du bere eginkizuna, atsedenik hartu gabe.
Bete da dagoeneko urtea eta epe laburrerako eramangarri zirudiena jasangaitz egiten ari zaigu gaur. Aspertu gara, nekatu eta oraindik txertoa urrun dugu gehienok, hasi gara pentsatzen ez garela inoiz lehen normal zitzaigunera itzuliko, mundu hura joan egin zaigula betiko, bat-batean mundu desberdin batean esnatu garela, mundu okerrago batean.
Eta halere badakigu ezkortasunetik nekez ateratzen dela onurarik, baikortasun pitin bat behar dela, argi izpi bat, epeltasun puntu bat negu gorri honetan. Ez zaizkio inori kexatzeko arrazoiak falta, baina lerro hauek irakurtzeko eskuzabaltasuna duen orok badaki bere burua abantailatuen artean kokatu behar duela, hamaika direla hementxe bertan egoera okerragoan daudenak.
Eginkizun hori behintzat primeran bete du pandemiak, gizartearen desberdintasunak nabarmendu egin ditu, gogorragoa izan da aldez aurretik egoera zailean zeudenekin, xamurragoa gizartearen lehen mailetan daudenekin. Zentzu horretan errege magoen portaera bera, asko duenari asko, gutxi duenari gutxi.
Eskerrak gutxienez egunero egunak minutu pare bat lapurtzen dion gauari, eskerrak iluntasunik ilunena atzean gelditzen ari den.