Pandemia garaian
Faltan bota izan dudana da inork ez diela zaharrei galdetu ea guztion alde zerbait egiteko tenorean ote zeuden, gizarteari zerbait eskaini nahi ote zioten
Eta bat-batean, irmo zena isurkari bilakatu zen, eta likidoa zena, gas bilakatu. Begi gorabehera batean, lehen planoan zegoena begi bistatik galdu zen eta ezkutuan zegoena bistaratu, ezin atzeratuzko zirudiena ahaztu, ezohikorik ezohikoena eguneroko bihurtu.
Arrakala bat marraztu zaigu guztion bizitzan, koronabirusari esker, edo erruz. Eta hor gaude, ezin jakinik zer geldituko den gurekin betirako eta zer galduko den, malkoak euripean bezalaxe. Gauza bakarra dugu argi, orain arte generaman bizitza, eguneroko bizipenak aldatu egingo direla, aldatu egin direla.
Hori bai, azaleratu den guztia hor zegoen, ezkutatua, mozorrotua, isildua, baina hor, etorri zaion aukeraren zain. Adibide bat aipatzekotan, gure gizarteak zahartzaroari buruz duen iritzia. Hori bai ez diodala birusari sekula barkatuko, zaharron kontra duen herra, gizarte honek duenaren pareko ezinikusia.
Pandemiaren unerik larrienean, Donostiako udalak bertako langile batzuk mobilizatu zituen zaharrei arreta berezia eskaintzeko asmoz. Atera zituen erroldatik datu batzuk, bereziki zeintzuk diren hirian bakarka bizi diren hirurogeita hamar urtetik gorakoak, bakarka edo are zaharragoa den norbaitekin eta borondatezko langile horiek deitzen zuten zahar horren etxera udalaren izenean eta nola zegoen galdetzen zioten lehenik eta zerbait behar ote zuen ondoren.
Ekimen polita: erakunde politiko bat herritarrak nola dauden galdezka, zerbait behar ote duten jakin nahian. Hunkigarria eta guzti. Hori bai, ez zetorren hirugarren galderarik, ez zioten galdetzen zaharrari guztion alde zerbait egiteko tenorean ote zegoen, gizarteari zerbait eskaini nahi ote zion.
Zahartzaroa, ordea, ez da ezinbesteko baliogabetasuna, birusak besterik badio ere, zaharrak ez gara baliogabetutako pertsonak, ez gara gizartearen hondakinak.
Eta, bitartean, udaberria oihuka leihoaren beste aldean.