https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Palestinaren ertzak

Israa Ghrayeben heriotza aztertzeko martxa izan zen astehenean, Ramalan./Afp
Israa Ghrayeben heriotza aztertzeko martxa izan zen astehenean, Ramalan. / Afp
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Literaturan pertsonaia planoak oso onak edo oso txarrak dira, ñabardurarik gabe. Sakontasun handiagorekin sortu direnek argi-ilunak dituzte. Heroiak beren ahultasunen kontra borrokatzen dira, eta, noizean behin, tiranoek ere bihotza dutela erakusten digute. Errealitateak ertz asko ditu, hori dela eta, erreprimitua izan den gizarte bera gizarte errepresiogile bihur daiteke.

Abuztuaren 22an, Israa Ghrayeb deitzen zen 21 urteko neska bat hil zen Palestinan. Bertsio ofizialak bihotzeko bat aipatu zuen. Izan ere, «ohorearengatiko krimen» baten aurrean gaudela pentsatzen dute emakume askok Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen. Hil baino bi aste lehenago, Israa Belengo ospitalean ingresatuta egon zen lesio larriekin. Familiak azaldu zuen istripuzko erortze bat sufritu zuela Israak, baina azalpenak ez ziren nahikoak izan. Dirudienez, neskaren delitua hauxe izan zen: bere mutil-lagunarekin ateratako irudi batzuk zabaldu zituen Instagram-en harremana formalizatu baino lehen. Hortaz, ehunka emakume manifestatu dira Ramalan, Palestinako Aginte Nazionalaren aurrean. Emakume horien erantzunari esker, polizia Israari gertatu zaiona ikertzen hasi zen.

Gazako zerrendan, islamisten hegemoniaren menpean, emakumeen aldarrikapenak ez dira entzuten. Israelen okupazioaren kontra aritzeak du lehentasuna han, baina emakumezkoen egoerak ere lehentasunezko gaia izan beharko luke. Eta ez bakarrik Zisjordaniako emakumeek baizik eta emakume guztiok egin beharko genioke Palestinan dirauen matxismoari aurre ozenki, baita apaltasunez ere, geure egoera ez delako emakume horien egoera berbera, baina ozenki.

Literaturari eman dioguna ezin diogu errealitateari ukatu. Palestinarekiko elkartasunak ez du zertan aldatu, baina ezin ditugu herrialdeak sinplifikatu. Palestinako bandera manifestazio batean astintzen dugunean, zer sistema txalotzen ari garen galdetu beharko genioke geure buruari. Palestinako mugimendu feministak euren kode penalaren erreforma ari dira eskatzen. Besteak beste, ohorearen defentsa edozein delituren zirkunstantzia aringarri bat da kode horretan. Mingarria.

Temas

Euskera