Borrar
Oxabi erromeria taldea. Gaizka Peñafiel
Oxabi erromeria taldeak bere lehenengo abesti propioa plazaratu du

Oxabi erromeria taldeak bere lehenengo abesti propioa plazaratu du

'Espero dena' kantak mezu positibo bat helaraztea du helburu

UNAI SARRIUGARTE

Martes, 28 de mayo 2019

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Oxabi erromeria taldeak bere lehenengo abesti propioa argitaratu du. 'Espero dena' kantarekin galdakoztar eta gernikar zazpikoteak urrats handia eman du bere ibilbide musikalean. Abesti honek mezu positibo bat helaraztea du helburu.

Eneko Arraibi Oxabiko saxofonistak azaldu duenez, abesti berri hau euskal erromeriaren publikoak egindako eskakizunetatik dator. Arraibik dioenez: «zerbait propioa ateratzeko unea dela erabaki genuen». Hori dela bide, pausu berri bat ematea erabaki dute 'Espero dena' kantarekin.

Arraibik esan duenez kantak gizartean gertatzen diren ezbeharrak, sare sozialek eragiten dituzten inbidiak eta abar ditu hizpide. 'Espero dena' abestiak honen aurka egiten du erabat. Mezu positibo bat igortzea gazteriari, egunero irribarre batekin altxatzera animatuz jendea. Bere esanetan: «gauzen alde ona ikusten jakin behar da eta aurrera egiten ikasi». Izan ere, horrelaxe dio abestiaren leloak: «irribarre egitea hortzak erakusteko modua da. Erortzea zilegi altxatzea derrigorra».

Erromeria taldea 2006. urtean jaio zen Galdakaon. Jon Eguskiza, Aritz Uriarte eta Jon Gomez musikari galdakoztarrek sortu zuten, udalerrian eta inguruetako jai-giroan erromeri euskaldun eta gazte baten falta sumatzen zutelako. Ondoren, Urtzi Enrikez eta Asier Balentzia proiektura atxiki ziren.

2009. urtean, Galdakaoko Gazte Eguna zela bide, ekitaldi honen abesti ofiziala ekoitzi zuten Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrarekin elkarlanean. Urte hartan, hainbat musika emanaldi eskaini zituzten: Mallorkan bira bat burutu edota 2009. urteko Ibilaldiko kartel nagusia osatu zuten besteak beste.

2011. urtean, ordea, taldeak aldaketa batzuk izan zituen. Bateraezintasun arazoak zirela eta, Uriarte, Enrikez eta Balentziak taldea utzi behar izan zuten eta hasierako beste bi taldekideei Jon Eguskiza (trikian) eta Jon Gomez (ahotsean), Mikel Urrutia (bateria), Markel Arevalo (baxua), John Learreta (gitarra), Gaizka Jimenez (tronpeta) eta Eneko Arraibi (saxofoia) musikariak batu zitzaizkien.

Oxabi erromeria taldea hainbat kontzertu eta ekitalditan parte-hartu duen musika banda da. San Mames Barria zelaian hainbat ekitaldiren baitan jo izan du: Athleticek jokatutako Errege Koparen Finalean edota Gure Esku Dago herri ekimenaren barnean musika emanaldia eskaini izan du. Era berean, Bilboko Areatzan Doctor Deseo, Gatibu, Enkore edota Itziarren Semeak taldeekin ibili izan da oholtza gainean.

Bestalde, oihartzun handia izan zuen elkartasun kontzertu berezia antolatu eta eskaini zuen Oxabi taldeak 2018an Gernikako 'Gu be zuek gara' jaialdian, minbizia duten haurren alde eta La Cuadri del Hospi-k bideratutako ekitaldian. Bertan, Oxabik anfitrioi lanak egin bazituen ere, Gatibuko Alex eta Haimar, Hesianeko Zuriñe eta Fran, Gozategiko Iñigo eta Asier, Enkoreko Xabihoo, Revoltako Iker Villa, Txapelpunkeko Iñigito, ETSko Iñigo, Betagarriko Iñaki edota Vendettako Pello Reparazekin partekatu zuen agertokia.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios