https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Otsail bete

Aurreikuspenek izotza, elurra, euria eta ostarte errukiorren bat tartekatzen dituzte hurrengo egunotarako

Ume batzuk, elurrarekin jolasten./Lobo Altuna
Ume batzuk, elurrarekin jolasten. / Lobo Altuna
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Laburra da, baina gogorra. Neguaren bihotza. Badio esaerak: 'Otsaileko elurra, egurra'. Eguraldiaren nondik norakoak ezin hobeto daude bilduta horren antzekoetan, oso aspalditik. Eurite egoskorrak, haizete gihartsuak zein elurte potoloak ez direlako gaur-atzokoak sasoion, aroari berez dagozkionak baizik. Belaunaldiz belaunaldi ahoz jasotakoek hala adierazten dute, urteko bigarrenak zaplasteko ederrak eman dituela beti, bizitzeko modua bera baldintzatzeraino.

Aldatu dena hori da, beharbada. Gizabanakoen erritmoa zein naturarekiko distantzia. Eta bilakaera horren araberakoa da egun eguraldiak duen eragina, horri begirakoen menpeko guztia. Hain memoria gutxiko gizartean, atzekoen ondarea aintzat ez hartzeko joera duen horretan, otsail gaiztoek ere ia estraineko ematen dute. Inguratzen gaituenarekiko harremanean atzera egin dugulako, ziurrenik baita pertsonen artekoan ere.

Bertoko eguraldia oparoa da denetarikoak eskaintzen. Udaberri eta uda leun eta aldakor baina atseginak eta udazken-negu ortodoxoak. Kalean ibili eta horko giroaz biziberritzekoak, etxeko zokondoetan aterpetzekoak. Ez dira aukera horiek alperrik galdu behar, norbera aberasten dutelako, nortasuna osatzeraino kanpora zein barrura begiratzeko ezin aproposagoak direlako.

Aurreikuspenek izotza, elurra, euria eta ostarte errukiorren bat tartekatzen dituzte hurrengo egunotarako. Beste behin. Otsailak berea eskaintzen jarraituko du. Hobe orain. Badelako beste esaera zahar bat, 'otsaila bero, negua gero' dioena. Urtaroarekiko zorrak sasoian kitatzeak ondorengoa arintzen omen du, luzaroko beha lanen hariko jakituriak finkatu zuenez.

Hortzak estutu eta datorrenari ondo estalita aurre egiteko egunak dira. Hauetako askok ere garen moduko egin gaituztelako, taldekako nortasun jakin bat osatu eta partekatzeraino. Ez gara, ez, Tropikoaren seme-alabak. Ez dagokigu etengabeko eguzkipean loratutako bertakoen goxotasuna. Introspektiboagoak gara, zakarragoak ziurrenik, halako eszeptizismo heze batek blai egindakoak. Baina sendoak, tematiak, letorkeenaren beldurrik gabekoak. Historiari desafiatzekoak, txikitasunetik eragitekoak. Horrek ekarri gaitu oso atzetik oraingora. Eutsi otsailari. Helduko da udaberria.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos